2018rako aurrekontuaren aurreproiektua onartu duela iragarri dute. Iaz baino diru gehiago izanen da: 3.883 milioi euroko sabai gastu ez finantziazioa izanen da, 2017an baino 151,8 milioi euro gehiago izanen ditu Gobernuak hurrengo urtean. 2018rako proposamen honetan ere eskubide sozialak indartuko dituztela nabarmendu du Ogasun Kontseilari Mikel Aranburuk.
Eskubide sozialak ziurtatzera joko da eta ekonomia suspertzera, gaineratu du. Hala, departamentuz departamentu zer nolako aurrekontua da Gobernuak proposatuko duena?
Eskubide Sozialen Departamentura iazko aurrekotua hazi eginen da, %4,89. Enplegu plana; Familia, Nerabezaroa eta Haurtzaro plana eta Etxebizitza Sozialerako Alokairu Saila sustatuko dituzte, besteak beste.
Osasun Departamenturako iaz 1000 milioi bat euro bideratu zituzten, eta heldu den urterako inoiz baino diru gehiago bideratuko dute. 1059 milioi euro. Lehen Mailako Arreta, azpiegitura hobetzeko plana, garraio sanitarioa, landa garapeneko larrialdi zerbitzuak, itxaron zerrendak arintzera eta botiken berrordainketara bideratuko dute.
Hezkuntzan ere hazi eginen da aurrekontua, nahiz ez horrenbeste: %1,29 egiten du gora eta 651 milioi euro izanen ditu departamentu horrek. Udalekin hitzarmenak eginen dituzte 0 eta 3 urte arteko haurren eskolatzerako, beketarako 700.000 euro gehiago izanen dituzte eta testu liburuak doanekoak izaten segituko dute, besteak beste.
Eskubide sozialak, enplegua suspertzea, Osasuna eta Hezkuntza indartzea izanen da 2018rako eginen duten proposamena. Beste departamentuetan ere, hazi eginen da aurrekontua.
Hala, Kultura, Kirola eta Gazteria departamenturako %6,5 gehiago izanen da: industria kultura eta sorkuntzakoak sustatzeko, artxibo digitala osatzen segitzeko, Nafarroako Museoari indarra emateko, gazteriari mugikortasun handiagoa eskaintzeko, Navarra Arena pabiloiari erabilera emateko eta kirolean baloreetan lan egiteko.
Landa Garapenak, Ingurumenak eta Tokiko Administrazioak ere izanen du igoera ekonomikorik: %8,4 haziko da aurrekontua eta 389 milioi euro izatera iritsiko da. Tokiko Inbertsioen Olana, nekazaritza, Nafarroako Ubidea eta Itoiz, ekonomia zirkularra hobetzera joko da.
Presidentzia, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia departamentuak ere igoera dakar: %1,7koa. Zatirik handiena aurreikusita dauden Lan Eskaintza Publikoetarako izanen da, baina baita, administrazioan lanean ari direnen soldatak %1,5 igotzeko ere.
Azkenik, nabarmenduko dugun bestea, Bake eta Elkarbizitza sailera, Euskara sustatzera eta berdintasun alorrera ere bideratuko dela dirua Gobernutik:
Euskarabidera sei milioi eta erdi baino ehiago bideratuko dira. Arlo horretan bereziki hiru partida haziko dira: lehena, hizkuntza politiken ebaluaziora eta administazioaren aholkularitzara; bigarrena, itzulketara, euskaraz dokumentazio gehiago izan dadin eta hirugarrenik, administrazio publikoan lanean ari direnen euskarazko formaziorako izanen da. LGTBIQ kolektiboa babesteko Foru Legea garatzeko 70.000 euro eta Nafarroako Memoriaren Institutura 445.000 euro.
Aurreproiektuak hasi du bere bidea
Nafarroako Gobernuak legeak jasotzen duenaren arabera, azken egunean onartu duela 2018rako aurrekontu proiektuaren aurreproiektua. Orain, bere bideari ekinen dio: lehenbizi Kontseilu ekonomiko eta sozialera; Erregimen Lokaleko Batzordera eta Ingurumenekora bideratuko da onar dezaten. Ondoren, Nafarroako Parlamentura igorriko da bertan taldeek onarpena eman eta behin betikoz onartu dadin. Hori, urtea amaitu aurretik izatea espero du Aranburuk.
Eta aurrekontu proiektuetan garrantzia duen bestea da, Nafarroak zenbat igorri beharko dion Espainiako Gobernuari. Zehazki ez dakiten arren, oraindik ere hitzarmen ekonomikorik ez delako erdietsi, kalkuluak eginak dituzte: gutxi gora behera 546 milioi euroko aportazioa egin beharko diola Nafarroak Espainiari, hala uste du Aranburuk, eta horren araberako aurrekontu proiektua egin dutela esan du.
Horrez gain, aurrekontuaren aurreproiektu honen inguruan Gobernua babesten duten lau alderdiekin hitz eginda dagoela esan du Aranburuk, nahiz eta, talde bakoitzak Parlamentura iristen denean nahi adina zuzenketa aurkezteko aukera izanen duten.