Nafarroako Lurralde Auzitegiak ez du onartu iazko sanferminetan emakume bat bortxatzeagatik espetxean dauden bost akusatuen eskaera. Epaiketa iritsi bitartean behin behineko askatasuna nahi zuten bost gizonek baina ez du halakorik onartu Auzitegiak.
Espetxean segitzea da hartu duten erabakia, baina boto partikular bat ere izan da magistratuen artean. Boto partikular horretan, ulertzen du magistratu horrek espetxean egotea baino, badela beste alternatibarik: 6.000 euroko fidantza ordaintzea, etxebizitza bat designatzea momentu oro eurekin harremanetan egon ahal izateko, telefono bidezko kontaktua izatea eta pasaportea erretiratzea.
2016ko sanferminetan, uztailaren 7arekin, emakume bat bortxatzea leporatzen diete kartzelan dauden bost gizonezko horiei eta Ministerio Fiskalak hogeita bi urte eta hamar hilabete arteko espetxe zigorra eskatu du euretako bakoitzarentzat. Bost akusatuen abokatuak beste behin Nafarroako Lurralde Auzitegiari ekainean eskatu zion behin behineko askatasuna akusatuentzat “ez dagoelakoan ihes egiteko arrazoirik, “ez dagoelako frogak hausteko arriskurik eta bortxatutako emakumearen ondarearen aurka egitea edo berriz ere delitua errepikatzeko aukerarik ez dagoelako".
Eskaera horren aurrean, Nafarroako Lurralde Auzitegiko Bigarren Sekzioak iritzi du, aurreko eskaeretan egin bezala: behin behineko espetxealdia, izan ere, epaiketaren gertutasunak eragin dezake askatasuna emanez gero justiziari izkin egitea, saihestea. Taldean berriz ere delitu berbera egitea ere ezin dela bazterrean utzi iritzi du Lurralde Auzitegiak autoan.
Aipatu behar da hiru magistraturen iritziaren bidez jakinarazi dela, azkenik, ez zaiela behin behinean aske utziko emakumea bortxatzeagatik espetxean dauden bost gizonei. Hiru magistratuetatik batek dena dela, boto partikularra eman zuen, esanez, ez dela onargarria urtebete espetxean behin behinean egotea eta epaiketa gertu dagoelako egoera horretan segiaraztea. Horregatik egin du neurri alternatiboak ezartzearen alde: lehen aipatu bezala, fidantza bat ezarriz, telefono mugikor baten bidez kontaktuan izanez, etxebizitza bat ezarriz, baldintza batzuk jarriz epaiketan izanen direla ziurtatzeko, Espainiatik ateratzeko aukerarik ez izatea eta epailearen aurrean agertzea astelehen eta ostiral guztietan, adibidez.
Hiru magistraturen artean batek eman du boto partikular hori, baina gainerako bien ustez preso egon behar dute akusatuek epaiketa izan arte. Epaiketa hori udazkenean izan daiteke seguruenik.