Salestarren orubean hemezortzi solairuko etxeak ez baimentzeko eskatuko dio Iruñeak gobernuari

Euskalerria Irratia 2017ko api. 4a, 13:32

Proiektua "espekulazioan oinarrituta" dagoela esan du Joseba Asiron Iruñeko alkateak, "erregionalisten garaikoa" dela eta hiriaren profila "zeharo" aldatuko lukeela. Partzelazio lizentzia sinatu du gaur udalak, gogoz kontra, legeak behartuta.

Salestarren orubean hemezortzi solairuko etxebizitza ez baimentzeko eskatuko dio Iruñeko Udalak Nafarroako Gobernuari: horretarako, UPNren garaian onartutako Udalerriz Gaindiko Plana sostengatzen duen Plan Berezia alda dezan nahi du. Konponbidea, zortzi solairuko etxebizitzak egitea, ez hemezortzikoak, horiek bat eginen bailute bigarren zabalgunearekin "berezko egiturarekin".

Proiektua bera "espekulazioan oinarrituta" dagoela esan du Joseba Asiron Iruñeko alkateak, "erregionalisten garaikoa" dela eta hiriaren skylinea "zeharo" aldatuko lukeela. Ez da guk nahi dugun proiektu vat. Ez gatoz bat eta iruditzen zaigu baldintzatu egiten duela hiriaren geroa", esan du Asironek.  

Partzelazio lizentzia, sinatuta

Gaur, partzelazio lizentzia sinatu behar izan du Iruñeko Udalak, "gogoz kontra, baina legeak hala behartuta". Horregatik, Nafarroako Gobernua izan du gogoan. Plan Bereziaren modifikazioa egiteko eskatu dio, "hiriaren etorkizuna interes ekonomikoen gainetik" jartzeko; "plan berezia delako Udalerriz Gaindiko Plana Sostengatzen duena".

Partzelazio lizentzia gaur onartu duten arren, hori ez da obra lizentzia eta, beraz, salestarren orubean ezinen dituzte, momentuz, hemezortzi solairuko eraikinak eraiki. Bi urrats falta dira oraindik proiektua behin behikoa izan dadin: lehenengoa, orubeak enkantean esleitzeko hitzarmena sinatzea Nafarroako Gobernuak eta salestarrek; bigarrena, orubea enkantean ateratzea.

Nolanahi ere, Iruñeko Udalaren esanetan, etxe orratzen eraikuntza gelditu daiteke, Exekutiboak onar dezake-eta plan berezia aldatzea, horrekin batera udalerriz gaindiko plana moldatuz. "Garaiz" dabiltzala esan du Asironek.

Nasuvinsaren txostenaren kontra

Salestarren proiektuaren harira, Nasuvinsa enpresa publikoak  txosten bat kaleratu du: egitasmoa aldatuta, Iruñeko Udalak 14,5 milioi euroko galera izanen duela esanez, eta 51'5 milioi eurokoa, Salestarrek kalte ordainak eskatu eta onartuak izanez gero.

Udalaren esanetan, txostenean ez du azaltzen nola ondorioztatu dituen galera ekonomiko horiek. Are gehiago, Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen Nasuvinsa enpresa publikoaren txostena idatzi duen persona berak egin zuen egungo salestarren proiektua, hemezortzi solairuko eraikinak aurreikusten dituena. Beraz, kexu da udala; “ausardia” galdegin dio Nafarroako Gobernuari.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!