Iruñeko Salestarren auziak ederki islatzen du hirigintza ulertzeko modu okerra. Salestarrek ikastetxe berria egin nahi dute Sarrigurenen, oraingoa zaharkitua gelditu delako. 35 milioiko inbertsioa egin nahi dute. Inbertsio handi horrek baldintzatzen du gainerakoa. Dirutza hori lortzeko, Iruñean duten orubean ahalik eta pisu gehien eta garestien egin behar dira: etxe-orratz ikaragarri handiak, lekuz kanpo inguru horretan.
Galdera: orube baten jabeak lortu nahi duen zenbatekoak hirigintza baldintzatu behar du? Ez dirudi.
Agintariek, horrelakoetan, zer egin behar dute? Egin ez zutena. Hasteko, ikastetxea Iruñean gelditzeko ahaleginak egin. Ondoren, argi utzi jabeari, salestarrei kasu honetan, hurrengoa: hemendik alde egin nahi baduzue, ederki, baina hirigintza guk antolatzen dugu, guk erabakiko dugu zer egin daitekeen orube horretan. Ez, inondik ere, Nueva Yorkeko etxetzar horietakoak.
Eta horrek amestu duzuen dirutza ematen ez badu, sentitzen dugu. Ez da gure arazoa: gelditu oraingo tokian edo ikastetxe merkeago egin.
Txalogarria da Salestarrek Iruñean urtetan eginiko lana eta, ahal den neurrian, lagundu behar zaie. Baina, nik dakidala, ez dira hirigintzan adituak.