Salestarren orubean hamazazpi solairuko etxeak eraikitzearen aurka dago Iruñeko Udala

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 26a, 08:30

Argazkia: Leire eta Aralar kaleen artean eraiki lezaketeenaren ordenagailu bidezko irudikapena.

"Espekulazioan" oinarritutako proiektua dela esan du Joseba Asiron alkateak, baita hiriaren profil historikoa aldatuko lukeela ere. Udalerrriz Gaindiko Planaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak du azken hitza.

Salestarren Udalerriz Gaindiko Planaren Kontra azaldu da Iruñeko udala, eta Zabalgunearen berezko eguturarekin bat egiten duten alternatibak bilatzeko deia luzatu die Nafarroako Gobernuari eta Salestarrei.

Izan ere, UPN gobenuan zela onartu zen salestarrek Iruñean duten orube batean etxebizitzak eraikitzea. Ez dira nolanahiko eraikinak, gainera: hamazazpi solairu izatea aurreikusi dute, hau da, zonaldearen berezko egitura baino askoz altuagoak izanen lirateke. Hori izan da udalak kontra azaltzeko aipatutako arrazoietako bat: etxe altu horiek Iruñearen ‘skyline’ delakoa hautsiko lukete, alegia, hiriaren profilaren gainetik altxatuko liratekeen dorreak liratekeela. “Desastre hutsa” Joseba Asiron alkatearen hitzetan.

Irabazirik ez

Hori gutxi balitz, hezkuntzara zuzenduriko orube hori etxebizitza pribatuak eraikitzeko bideratzerakoan, sailaren balioa handitzen da, eta, horren ondorioz eskaera argia egin du udalak: bertatik ateratako plusbalioa salestarrek ikastetxe berria eraikitzeko erabil dezatela, baina, horrez gaindiko plusbalioa egonez gero, Nafarroako Gobernuarentzat izatea eta ez salestarrentzat. Auzi honen harira, “espekulazioa” aitatu du Asironek.

Ilde beretik,bigarren eskari bat ere egin du udalak: PSISa, Udalerriz Gaindiko Plana moldatzeko, hamazazpi pisuko dorre horien eraikuntza ekiditeko, eta Zabalgunearen egiturarekin bat eginen duten "alternatibak" bilatzea.

Nafarroako Gobernuarne esku

Salestarren egitasmoaren aurka egon, bai, baina, gaur gaurkoz, praktikan, egiteko deus gutxi du Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak baitu azken hitza. Exekutiboari eta Salestarrei dagokie erabakitzeko ardura, PSISari esker, eta, biek ala biek, aurrera segitzeko asmoa azaldu dute. Hori bai, Nafarroako Gobernuak esan du kosturik ekartzen ez badio garatuko duela obra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!