Ikurrina jartzea "lege iruzurra" dela dioen sententziaren aurka helegitea aurkeztuko du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 8a, 13:30

Argazkia: Iaz ikurrina jarri zuten Iruñeko udaletxean.

Txupinazoan ikurrina jartzea "lege iruzurra" dela esan zuen atzo epaile batek. "Lehenbailehen eta koherentziaz" ariko direla esan du Joseba Asiron alkateak, eta Sinboloen Legea "berehala" aldatu behar dela.

Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek akordio programatikoan adostu zuten Sinboloen Legea aldatzea.

Nafarroako ikurren legeak debekatu egiten du ikurrina udaletxeko balkoian jartzea. Legearen arabera, "atzerriko herrialde, erkidego edo udalerri baten bandera" jarri ahal da, "salbuespen moduan", betiere leku horretako agintariek bisita ofiziala egiten badute.

Nafarroako hiriburuko Udalak argudiatu zuen EAEko bi legebiltzarkide bertan zeudelako jarri zuela ikurrina. Epaileak,ordea, esan du EAEko legebiltzarkideena ez zela bisita ofiziala izan.

Gainera, magistratuaren hitzetan, Gernikako Estatutuak ez die ordezkapen ahalmenik ematen bi legebirtzalkideei. Haren ustez, udaletxean ikurrina jarri ahal izateko gonbidatu zituzten.

Kontraesana epaileen artean

Beste epaile batek dio ikurrina Berriozarko udaletxean jartzea legezkoa izan zela, eta, beraz, kontraesanak sortu ditu epaiak. Garrantzitsua da aurrekaria, izan ere beste bost udalerri egoera berean daude: Lizarra, Leitza, Etxarri-Aranatz, Oteitza eta Lakuntzako udalak ere zigortu nahi ditu Iruñeko administrazioarekiko auzietako 2. aretoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!