80 urte joan dira bonbardaketa atomikotik. Gaur egun Hiroshima eta Nagasaki hiriak zertan diren azaltzeko modua baliatu du Lucas Vallecillos argazkilari-berriemaileak han egindako irudien erakusketaren bidez: "Memoria historikoko ariketa bat da; bakearen kultura sustatu, bonbardatutako bi hiri horietako herritarrek jasan zuten giza eskubideen urraketa salatu eta armamentu nuklearra deuseztatzeko premiari buruz hausnartzera bultzatzea bilatzen ari naiz", azaldu du.
Ikasleak ari dira erakusketa hori bisitatzen. "Garai hartako irudiak denok izan ditzakegu buruan, erabateko triskantzarenak, baina, ezezagunagoa da egun zer nolako hiriak diren biak hala biak", esan du Vallecillosek. Horixe ikusarazi nahi du fotokazetariak Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzako Pinaquy aretoan jarritako erakuskatren bidez. Nafarroako Gobernuko presidenteorde Ana Ollo izan da berriki erakusketa horretan bisitan: "Garrantzitsua iruditzen zait gertatutakoa ez ahaztea eta horregatik, zuoi, ikasleei eskaera bat egin nahi dizuet: hemendik atera eta gertukoei ikusi duzuena kontatzea", esan zien bertan ziren gazteei.
Testigantzak eta egungo hirien irudiak
Erakusketa bi zatitan banatuta dago: Testigantzak izeneko zatiak aurpegia jartzen dio bonbardaketa atomikoak eragindako hondamendiari, 8 hibakusharren erretratuen eta testigantzen bidez. Gaur izeneko zatia, berriz, bi hiri horien egungo erretratua da: "Iragana ahaztu gabe bizi dute oraina, eta erresilientziaren eredua dira", iruditzen zaio Vallecillosi.