Manosfera webgune, blog eta online foroen sare bat da, maskulinitate normatiboa, misoginia eta feminismoaren aurkako jarrera sendoa sustatzen dituena. Asier Arizkorreta Emagin Elkarteko kideak kontzeptu honen inguruko hitzaldia eskainiko du ostiralean, 19:00etan, Txantreako Salestarretan, auzoko talde feministak antolatutako martxoaren 8ra begirako egitarauaren eskutik.
Arizkorretak berak azpimarratu bezala, jatorria Ameriketako Estatu Batuetan duen mugimendu hau gurera ere iritsi da dagoeneko. "Garrantzitsua da, lehenik eta behin, arazoa identifikatzea eta arriskutsua dela ere kontutan hartzea". Sarean zabaltzen diren mezu hauek, izan ere, ez dira bere horretan gelditzen, heldu eta gazteen artean zabaltzen doaz modu gero eta nabarmenagoan. "Feminismoak ematen duen aurrerapauso bakoitzaren eskutik sortu da, honen kontrako erreakzio gisa, manosferaren sarea osatzen duen kolektibo bakoitza".
Hitzaldia Txantreako Feministak taldeak antolatu duen egitarauaren parte da, Irati Lareki taldekideak azaldu digun moduan.
Egitarau osoa hurrengoa da:
- Martxoaren 1ean (ostirala), 19:00etan, Txantreako Salestarretan: "Manosfera" hitzaldia.
- Martxoaren 5ean (asteartea), 19:00etan, Txantreako liburutegian: "Blablabla... Baina zaintzak zer?" hitzaldi-tailerra.
- Martxoaren 7an (osteguna), 20:00etan, Txantreako Salestarretan: "Emakumeak historian" show antzeztua, auzoko emakumeekin.