Maite Lopez Las Heras: "Turisten ohiturak ez dira asko aldatu IV. mendetik hona"

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 25a, 20:14

Hizkuntza eta kultura klasikoetan aditua den Maite Lopez Las Heras idazle eta itzultzaileak IV mendean bizi izan zen Egeria izeneko emakume idazlearen bidaia liburua euskaratu du. Ibilbidea lanaz mintzatu da astelehen honetan Nafarroako Liburutegian. Hemen ikus daiteke saioa.

Maite López Las Heras Irrintzi Plazan izan da eta bere liburuaren protagonista nor den azaldu digu: "Egeriak sekulako bidaldia egin zuen, eta aberrian geratu ziren bere lagunei eskutitzen bitartez ikusitakoa kontatu zien, duela mila eta seiehun urte pasatxo. 381. urtean ezagutzen zen mundu osoa zeharkatu zuen, Gallaecia probintziako zehaztugabeko herri batetik, hots, munduaren beste muturretik, Lur Santura, alajaina. Ibilbideak guztira hiru bat urte iraungo zituela uste da, baina guregana iritsi zaiguna 381. urtetik 384 bitartekoa da. Eta ez osorik, emakume batek latinez idatzitako testuekin gertatu ohi denez"

Testua nola ezagutu dugun azaldu digu itzultzaileak: " XIX. mendeko italiar eruditu bati esker heldu da guregana. Pentsa, beraz, zenbat urtetako isiltasuna bizi izan duen Egeriaren Itinerariumak. Gamurrini Biblioteca della Confraternitá dei Laici liburutegian txukuntze lanetan zebilela, XI. mendean kopiatutako eta latinez idatzitako pergamino bat deigarri gertatu zitzaion. Kodex hartan, esku desberdinek idatzitako bi testu batera ageri ziren, zeharo desberdinak biak ala biak.

Bata Poitiersko San Hilarioren pasarteek osatzen zuten. Bestea, bitxiagoa, Lur Santura egindako bidaia baten kontakizuna zen, garai oso goiztiarrean eta lehenengo pertsonan idazten zuen emakume ezezagun batek idatzia."

Kontakizunaren garrantziaz hau da azpimarratzen duena: "Bidaia bera, goresgarria izanagatik ere, ez da Egeriaren kontakizunaren handitasuna bezain garrantzitsua. Adierazgarriena, batik bat, kontaketa bera da. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, bidaiariaren xehetasunak azaltzeko gaitasuna eta joan-etorriaz gozatzeko gogoa.

Egeria dugu guregana latinez iritsi den Iberiar penintsulako lehen emakume idazlea. Horrez gain, Leku Santuak bisitatzeko asmoz, Mendebaldetik Ekialdera egindako bidaiaren kontaketa egin duen lehena ere bada."

Egeriaren erretratua egitekotan, hau da Maite Lopez Las Herasek azpimarratzen duena: "Egeria Erdi Aroko eta Errenazimentuko aurkitzaileen nahiz esploratzaile ilustratuen bidaiari senaren aitzindaria izan zen. Egeriaren berezitasunik aipagarriena, xehetasunetan erreparatzeko behar adina asti hartzeko berezko dohaina da. Badaki bere bidaia zukutzen. Ez du ezkutatzen bidaiak eragiten dion gozamena, tartean nekaldiak ere izan arren. Esperientziarekin aberastea du xede nagusietako bat.

Berak aitortzen duenez, ut sum satis curiosa, «oso jakinguratsua naizenez gero», dena ikusi nahi du, ibili ahala suertatzen diren helburu berriekin pentsatutako ibilaldiak luzatzen ditu. Ikusten duen guztiari buruz galde egiten du, azal diezaioten eskatzen du, are ikusten ez duen hura ere, eta bertara eraman dezaten eskatzen du."

Estiloaren inguruan latin arruntez idatzia dagoela azpimarratu du idazleak: "Hizkera arrunta darabil, zuzena, hurkoa; batzuetan, errepikakorra, bizkorregia. Aspaldiko lagun batekin topo egiten duenekoa kontatzerakoan, Marthanarekin, esate baterako, edo gizon santuren baten bertuteak goraipatzerakoan, aditasuna galtzen du, eta errepikatu egiten da, trabatu, galdu. Trabatze arrunt horretan datza Egeriaren estiloaren xarma nagusia.

Hizkuntza apala erabili arren, emakume kulturaduna zela jakin daiteke, kritikarako duen sena erakusten duelako beti. Erabateko jakin-gosea duen emakumea da, oso irekia eta jakinguratsua.

Oso hizkuntza freskoa da, zuzena, bakuna itxuran. Hala eta guztiz ere, testu aberats bezain erakargarria da, indartsua, berez. Egilearen asmoa bere neska-lagunen jainkozaletasuna eraikitzen laguntzea izanagatik ere, literatura genero baten aitzindari bilakatzen da.

Hasteko eta behin, bere kontakizunerako epistola era hautatzen du. Horrez gain, «bidaia egunkaria» da, abenturazko kontakizunen ernamuina izango dena."

Turismoaren hastapenak izan ziren garai hartatik ezagutzen ditugun hainbat bidaia, López Las Herasen ustez: "Inperioko aristokraziaren joan-etorri friboloen eta Erdi Aroaren hasieran garatzen hasia zen bidaiatzeko era berriaren artean kokatu ohi da Egeria.

Santa Helena izan zen, Konstantino enperadorearen ama, bidaiatzeko era berriaren oinarriak ezarri zituena.

Turisten ohiturak ez dira asko aldatu IV. Mendetik hona. Bidaiari eskoladun hark gida profesionalekin bidaiatu zuen. Bidaiatu aurretik, bisitatuko zituen lekuei buruz irakurri zuen, eta bisitaren unean bertan, liburu bat irekitzen zuen, eta irakurtzen hasten zen. Horretaz gain, bidaiako oroigarriak ere bazeuden: eulogiak, gaur egun bezalaxe. Normalean, lekuko fruituak, gozokiren bat, lanpara sakratuko olio anpoila bat edo antzerakoak izaten ziren, abegi onak agindu bezala egin beharreko opariak."

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!