Lau orduko saio berezia, Korrikaren Iruñerriko ibilbidearen berri emateko

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 31a, 08:25

Larunbatean, 9:00etatik 13:00etara, Euskalerria Irratiak zuzeneko kontakizuna eginen du, bi moto eta hainbat berriemailerekin

22. Korrika goizeko bederatziak aldera sartuko da Iruñerrian, Berriozartik. Une horretan abiatuko du saio berezia Euskalerria Irratiak, eta eguerdiko ordu batean Iruñeko Alde Zaharretik Trinitarios parkerantz ateratzen delarik amaituko du. Tartean, Iruñerriko herri eta auzoetan gertatzen dena kontatu eta gero.

Irrintzi Dorreko estudioan Reyes Ilintxetak gidatuko du saioa. Lohizune Amatria izanen du lagun, mikrofonoaren aitzinean zein sare sozialetan jo eta ke; izan ere, irratian ez ezik webgunean eta Twitterren ere eginen dute kontakizuna. Teknikari lanetan, Amaia Lasa izanen da.

Kalean, errepidean, bi moto eta hiru esatari izanen dira: Haritz Pascual, Josu Ganuza eta Juan Kruz Lakasta, ikusten dutena kontatzen eta lekuko eramaileak elkarrizketatzen. Horretaz gain, irratiaren hainbat kolaboratzailek haien kilometroetan gertatzen denaren berri emanen digute. Iruñerria Korrika, Euskalerria Irratia kalaka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!