Iazko urriaren 8an, Sarasate pasealekuko eraikin bat okupatzeagatik hamabi lagun auzipetu dituzte: unean bertan hartu zituzten atxilo horietako hiru; gainontzeko bederatziei deklaratzera dei egin diete orain, zitazioak bidalita. Larunbatean eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, "espetxeratze arrisku erreala" dute. Bestalde, auziaren karietara, Iruñeko Udalak jarrera "larria" azaldu duela kritikatu eta "absoluzioa" exijitu dute.
Kartzela arriskua
Hutsaraztearen unean, Polizia "bortizki" oldatu zela ekarri dute gogora, eta orduan gertatutakoaren inguruko irakurketa egin: "kapitalaren jazarpen-makineria guztia martxan jarri zen. Guardiako epailearen deia, bat-bateko jokabideak operatiboaren baitan, udaltzaingoaren sektore baten jardute 'autonomoa' eta bestelakoetatik haratago; irmoki salatu nahi dugu sistemaren mesedetara lanean diharduten egitura errepresibo guztiak. Etxebizitza bera pertsona ororentzat oinarrizkoa den beharra izanik, egiturak sistemaren interesei erantzuten baitie lehenik.
"Polizia jazarpena" salatu dute auzipetuek. "Azpimarratzekoa da 12 izenetara iritsi den akusatu edo aztertuen zerrendak espetxeratze arrisku errealak dakartzala. Oraingoan, akusazio judizialak gugan jaurti diren arren, egungo bizitza soziala menperatzen duen merkatuari aurre egiteko prest legokeen beste edozeinengan ere eror zitekeela badakigu", esan dute.
Iruñeko Udalak jarrera "larria" izan duela uste dute auzipetuek. "Operatiboaren inguruan diharduen txosten tekniko bakarra desalojoan bertan errepresioa pairatu zutenen exigentzietatik oso aldenduta baitago. Modu berean nabarmendu nahi dugu Herritarren Segurtasun saileko zinegotzia den Aritz Romeoren seriotasun falta; oraindik ere ez baitira udaltzaingoaren arduradunen kontrako neurriak ez dira hartu, ezta inplikaturik zeuden kargu politikoen arduren gain hartzea ere".
Elkarretaratzea, ostiralean
Heldu den ostiralean, hilaren 17an, deklaratzera joanen dira hamabi gazteetako bederatzi, eta, horregatik, elkartasun elkarretaratzera deitu dute, Justizia Epaitegiaren aurrean, 11:00etan.