Irrintzi Peñan 75. urteurrena ospatzen ari dira, eta modu berezian bizitzen ari dira sanferminak alde horretatik. Gaur, taldeko argazkia eginen dute. Enrique Huarte eta Imanol Azkona peñakideek argitu bezala, “hasieran, duela 80 eta piku urte, futbolaren inguruan bildu zen jende batek sortu zuen elkartea, eta handik urte batzuetara ospatu ziren lehenengo sanferminak peña bezala”. Azkonak azpimarratu bezala, “urteko garairik onenak dira sanferminak peñako kideak elkartzeko, adin desberdinetako jendea gainera. Jende berria ezagutzekoa eta kanpoko jendea gurera hurbiltzeko aukera ona dira, aldi berean”.