La Pamplonesako kideekin egoteko tartea izan dugu gaur goizeko Sanfermintza saioan, Zaldi Zurian bertan. Dianetan aritzen dira bi musikariak, goizeko “faunaren” lekuko, beraz. “Nahasketa oso polita egoten da goizeko ordu horietan, jende oso-oso garbia, dutxa hartu berria, eta beste batzuk aurreko gauetik oraindik kalean”. “Betiko” piezak jotzen dituzte lehen ordutik. “Oso pieza bereziak dira eta jendeak eskatzen dizkigu, gainera”. Pamplonesa udal banda, zalantzarik gabe, sanferminetako protagonistetako bat da, nahiz eta urtean zehar askotarikoak diren ematen dituzten emanaldiak, batez ere Gayarre antzokian.