Uztailaren 7ko prozesiora ez joateko erabakia berretsi du Aitziber Campion Iruñeko Udaleko zinegotziak. Zaloa Basabe eta Txema Mauleon ere ez dutela parte hartuko aipatu du Campionek. Azaldu duenez, udalbatzaren barruan prozesioaren inguruko ikuspegi desberdinak daude eta guztiak onargarriak direla uste duen arren, bere printzipioekin koherenteena ekitaldira ez joatea da. “Udalean 7 zinegotzi eta alkatea gara. Talde handia garenez erabakitzeko aukera dago eta nik eskertzen dut”. Bere ustez, Udala eta Eliza batera agertzea "anomalia" bat da, nahiz eta onartu prozesioak dimentsio sozial eta tradizionala ere baduela.
Bestalde, sanferminetan herritar guztiengana hurbiltzeko egiten ari diren lana azpimarratu du, kultura-programazioa auzoetara zabaltzen eta euskararen presentzia handitzea helburu hartuta. Era berean, mugimendu feministaren lanari esker, Iruñeak eraso sexisten aurrean urteotan eraiki duen erantzun soziala nabarmendu du.