Mikel Gortari (AZ Ekimena): “Auzoan sortutakoak lagundu badu jaialdia atzeratzen, pozten gara”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko ira. 8a, 09:34

ARDE festibalaren aurka egin du AZ Ekimenak, proiektua “elitista eta pribatizatzailea” dela iritzita. Larunbateko protesta bertan behera utzi dute, jaialdia atzeratu dutela jakin ondoren.

Ez dakite auzotarren mobilizazioen ondorio izan ote den ARDE festibalaren atzeratzea. Baina, pozten dira lagundu badu. Igandean zen egitekoa jaialdia. Hamar orduz jarraian, 25 artistatik gora bildu behar zituen. Horretarako Zentral aretoaz gain, Alde Zaharreko bi gune publiko ere hartu behar zituen. Hiru mila lagunetik gorako jaialdia da Zentral aretoak antolatutakoa, eta hasieratik jaso du auzotarren kontrako jarrera. “ Basakeria huts gisa identifikatzen genuen, jada auzo masifikatu batean muntatu behar zuten festibala. Kale eta plazen pribatizazioa egin nahi zuten; lotsarik gabe, gainera”, azaldu du Mikel Gortari auzotarrak. Elementu elitistak ere badituela uste dute AZ Ekimeneko kideek, 45 eurotik gorako prezioa baitzuten sarrerek. 

AZ Ekimenak jaialdiaren aurkako protesta iragarri ondotik izan zuten lehenengo harremana antolatzaileekin. Bilera bat antolatuko dute datozen egunetan, Zentraleko ordezkariei auzotarren kezkak eta Burgoen plazako erabileraz duten iritzia plazaratzeko. 

Jaialdia data zehatzik gabe atzeratu egin dute antolatzaileek. Eta hala egin dute AZ Ekimeneko kideek ere: “Festibal hori bueltatu bezain laster, berriz ere auzokideak mobilizatuko ditugu”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!