ARDE jaialdia atzeratu dute, “kanpoko zenbait faktore” direla kausa

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 7a, 11:55

AZ Ekimenak protesta egin behar zuen bezperan, festibala “pribatizatzailea eta elitista” dela iritzita. Bertan behera utzi dute mobilizazioa, “momentuz”.

Ohar bidez jakinarazi zuen atzo antolakuntzak. Iruñeko Alde Zaharreko bihotza hartu behar zituen ARDE jaialdia atzeratzea erabaki dute Zentralek eta Zentral Kultur Fundazioak. “Antolakuntzatik kanpoko zenbait faktore eta zirkunstantziek galarazi egiten digute ekitaldia eskatzen dituen kalitatearekin, programarekin eta zerbitzuekin egitea”, argudiatu dute.

Igandean zen egitekoa jaialdia, hamar orduz jarrian 25 artistatik gora bilduta. Horretarako, Zentral aretoaz gain, Alde Zaharreko bi gune publiko ere hartu behar zituen ekitaldiak: Burgoen plaza eta Santo Domingo merkatuko beheko solairua. Iruñeko udaletxearen inguruko eremua jaialdirako gune bilakatzea zen antolatzaileen aurreikuspena. Sarrera nagusia Santiago plazan ezarri nahi zuten, Iruñeko udaletxearen atzealdean; eta Mañueta kalea eta udaletxetik Burgosko plazarako sarbidea itxi, “inguruko biztanleentzat izan ezik”.

Santo Domingoko Merkatuaren eta Iruñeko Udalaren laguntza zuen egitasmoak. Antolakuntzak azaldu duenez, datozen egunetan sarrera guztiak itzuliko dituzte, kudeaketa-gastuak barne.

Auzotarren erantzuna

Egitasmo “pribatizatzaile eta elitista” dela salatu du AZ Ekimenak, eta protesta antolatua zuen larunbat eguerdirako. “Pribatizazio prozesua gelditu behar dugula uste dugu, eta beraz, mobilizatzen jarraitzeko unea da”, adierazi zuten astelehenean ohar bidez. Atzo gauean zabaldu zutenez, baina, “momentuz” atzeratu egin dute mobilizazioa. “Ez orain, ez inoiz. Hor izanen gara”, ohartarazi dute Alde Zaharreko auzotarrek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!