Amaitu dituzte Irrintzi Dorrea birgaitzeko lanak

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 13a, 11:42

Donibane auzoko Irrintzi Dorrea birgaitu dute azken hilabeteotan. Eraikina isolatu eta zaharberritu dute: leihoak, terraza eta teilatua berritu dituzte. Euskalerria Irratiak Donibane auzoko Irrintzi Dorrean du egoitza. 

Irrintzi Dorrea izenez ezaguna den Donibane auzoko eraikina birgaitu dute azken hilabeteotan. 2020aren amaieran abiatu zituzten lanak, eta azken hilabete honetan amaitu dute zaharberritze proiektua osoki.

Lan horiek zirela kausa, estudioak eta erredakzioa Amaia karrikara eraman behar izan zituen Euskalerria Irratiak denbora luzez. Irratiko esatariek 2021ko urtarrilean lekualdatu zituzten erredakzioa eta estudio nagusia Amaia kalera. Historia luzeko lokal batean izan da Euskalerria Irratia, eta urriaren 18an itzuli ziren Zabalguneko deserri komunikatibo horretatik Donibanera. Bitarte horretan, teknikariak eta gainerako langileak Irrintzi Dorretik aritu ziren lanean.

Irrintzi Dorreko estudioetan hainbat hobekuntza egin dira hilabete horietan. Lur berria jarri da, hormak margotu dira eta, batez ere, hobekuntza teknikoak egin dira, bi xede nagusirekin: FMko zein interneteko emisioen kalitatea eta egonkortasuna hobetzea, eta eduki digitalen ekoizpena hobetzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!