Bi egun baino ez dira falta 22. Korrika Amurriotik abiatzeko, eta larunbatean helduko da Iruñerrira. Eskuinaren trabak eta kritikak tarteko eginen diote herritarrek ongi etorria, Iruñeko Navarra Sumak korrika txikien aurka egin du eta. Korrikalariak espaloietara mugatu ditu. Administrazio Auzitegiak iaz bertan behera utzi zuen erabakia hartzeko udal taldeak erabili duten ebazpena. 2005ekoa da, eta auzitegiak ebatzi duenez, ebazpen hori ez da inoiz izapidetu, ezta argitaratu ere.
Iazko abuztuan animalia-jatorriko elikagaiei buruzko agerraldi bat galarazi zion udalak elkarte bati ebazpen hori erabilita. Auzitegietara jo zuen elkarteak, eta honek arrazoia eman zion.
Orain, 15-20 ikastetxek eskatu diote baimena Herritarren Segurtasunerako arloari Korrika kalejirak egiteko. Gehienak datorren ostiralean, apirilak 1, ospatuko dira, euskararen aldeko lasterketa Iruñera iritsi baino egun bat lehenago.
Korrika “inposatzailea”, Navarra Sumarentzat
Korrikari trabak jartzeko arrazoi nagusia Nafarroako Parlamentuan argitu du eskuineko hirukoak. Azken edizioetan egin gisan, kilometroa erosi du foru ganberak. Baina, parlamentuak Korrikan parte hartzearen aurka azaldu da Navarra Suma. “Euskara sustatzearen aldeko aldarrikapena izan beharko lukeena politizatzeko tradizio luze eta tamalgarria” da Korrika Navarra Sumako Carlos Prez Nievasen iritziz.
Otsailaren 21eko mahai eta eledunen batzordean adostu zuen Nafarroako Parlamentuak, Navarra Sumaren kontrako botoekin, aurtengo Korrikako kilometro bat erostea. “Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin nahi dutenen alde bakarreko ereduaren inposizioa” dakar Korrikak, eskuinaren aburuz.
Eguesibarren, erraldoirik gabe
Navarra Sumak ez dio Eguesibarko erraldoi konpartsari 22. Korrikari harrera egiteko baimenik eman. Eskuineko hirukoak osatzen du udal-gobernua, eta bailarako EH Bilduk egin zuen salaketa otsailean. Konpartsak berak egin zuen parte-hartzeko eskaera ofiziala baina Amaia Larraia alkateak ezezko borobilarekin erantzun zuen "«ekitaldiak, besteak beste, AEKren euskara ikasteko zentroetarako dirua biltzea duelako helburu" eta iritzi diolako ez dela "Udalak herritar guztientzat onuragarritzat jotzen duen jarduera bat".