Espainiako Poliziak 1978ko sanferminetan German Rodriguez tiroz hil zuenean, Espainiako Gobernazio ministroa zen Rodolfo Martin Villa. Besteak beste, hilketa horren erantzule delakoan dago auzipetuta Argentinan, gizateriaren aurkako delituengatik. Ahalera hipotetikoa erabilita aitortu ditu hilketak: “Ni izan nintekeen heriotza haien erantzule, politikoa eta baita penala ere. Baliteke ni, eromen beroaldi baten eraginez, egile materiala izatea”.
Gehiago ere esan du: “Ezinezkoa zen gobernu demokratikoaren aldeko espainiarrak izutzeko plan sistematiko planifikatu bat”. Azken adierazpen hauetan jarri du arreta Sanferminak gogoan plataformako kide Sabino Cuadrak.
Abenduaren 23an, ministro ohiaren aurka Argentinan irekita zegoen auzibidea etetea onartu zuten, froga indartsuagoak aurkeztu arte. Martin Villak aurkeztutako helegiteari beste bat aurkeztuko diote kereia babestu duten elkarteek.