Udal gehiengoa errespetatu gabe Iruñeko aurrekontuak onartzeko asmoa du Maiak

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 21a, 14:07

Enrique Maia agerraldi batean. Artxiboko irudia.

Argi esan du Iruñeko alkateak Joxe Abaurrea ordezkatuko duen Garbiñe Buenoren kargu hartzea gertatzen ez bada egoera aprobetxatuko duela aurrekontuak kalitatezko botoarekin onartzeko.

Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Enrique Maia alkateak zehaztu du Navarra Sumako hamahiru zinegotziek abenduaren 30erako deitutako Osoko Bilkuran aurrekontuen alde bozkatuko dutela. Ohiko egoera batean, Navarra Sumako hamahiru zinegotziak ez lirateke nahikoa izango oposizioko hamalau zinegotziei aurre egiteko, baina duela 10 egun Joxe Abaurreak kargua utzi ostean, hamairu zinegotzi batuko lituzkete EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik, eta alkatearen kalitatezko botoarekin beraz, aurrera aterako lirateke eskuineko hirukoaren kontuak.

Ikusteke dago Garbiñe Buenoren kargu-hartzea heldu den asteko osteguna baino lehen ahalbidetzen duen Hauteskunde Batzordeak. Hala balitz hauteskundeen emaitzen zinegotzi kopurua berreskuratuko litzateke hiriburuan eta beraz Navarra Sumak ez luke gehiengorik aurrekontuak onartzeko.

Horrekin batera, Maiak esan du zinegotziaren falta gaixotasunagatik edo amatasunagatik izango balitz ez luketela trikimailua baliatuko, baina, bere ustez, oraingo honetan justifikatuta dago hori egitea, Abaurrea «hiru udaltzain eta zinegotzi bat erasotzeagatik» zigortu eta gaitasungabetu dutelako.

Alkatearen hitzetan, oposizio osoak Navarra Sumak gehiengoak aldatzeko asmoa zuela egiaztatu ondoren egin zuen protesta "antzerki hutsa" izan zen. 

Abenduaren 30ean beraz, Garbiñe Buenok Udalbatzan bere lekua hartu ezean, Geroa Baik iragarritako zentsura mozioaren bidea irekiko da Iruñean. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!