Oposizioak bakarrik utzi ditu Enrique Maia eta Navarra Suma

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 17a, 06:38

Iruñeko Udaleko EH Bildu, PSN eta Geroa Baiko zinegotziak, udal bilkuratik altxatu ziren Enrique Mayaren jarrera "ez demokratikoa" dela eta. Alkateak Abaurrea zinegotziaren dimisioa baliatu zuen bozketak bere alde desorekatzeko.

Iruñeko Udaleko giro beroak eztanda egin du ostegun arratsaldeko osoko bilkuran. Navarra Sumak egiaztatu du azken egunotako susmoa: Joxe Abaurrea, EH Bilduko zinegotziaren dimisioa erabiliko duela, indarrak desorekatu eta bozketak bere alde eramateko. Horren aurrean, oposiziko alderdi guztiek bere haserrea azaldu zuten aurretik eta osoko bilkuran, batzar aretotik beren irteeran gauzatu zen. Eskuineko koalizioak, lehendabiziko bozketan, indar desoreka baliatu zuenean, aretotik altxatu egin ziren EH Bildu, PSN eta Geroa Baiko zinegotziak.

Mayak ongi prestatutako estrategia

Gertatutakoa ez zen kasualitatea izan, ongi prestatutako saioa baizik. Osoko bilkura hasi eta hamabost minutu aurretik, Enrique Mayak bozeramale guztien bilera deitu zuen. Honetan, alkateak azaldu zien eguneko gai ordenean aldaketa bat egonen zela eta Joxe Abaurrearen dimisioa, lehendabiziko puntua izanen zela eta ez azkena, horrelakoetan ohikoa den bezala. Horrela, Mayak, bilkurako beste puntu guztietan gehiengoa izanen zuela ziurtatzen zuen. Alderdietako bozeramaleak kontra azaldu ziren eta Udaleko idazkariak ere ez zuen puntu aldaketa baimendu, epaitegiek oraindik ere Abaurrearen inhabilitazioaren gaineko jakinarazpena ez baitiote udalari helarazi. Edonola ere, atzo Joxe Abaurrea dagoeneko ez zen bilkura aretoan sartu.

Bilkura hasi eta berehala, Joseba Asiron, Maite Esporrin eta Patxi Leuza eledunek, galdera zuzena egin zioten Enrique Mayari: Abaurrearen ausentzia baliatuko al du alkateak bozketak irabazteko? Enrique Mayak ordea ez zuen erantzunik eman, bainan lehendabiziko bozketa iritsi zenean, argi utzi zituen bere asmoak. Tokiko finantziazioari buruzko ekimen bat eztabaidatu zen. Bertan ikusi zuen Navarra Sumak ez zuela sustengu nahikorik bainan bozketa unean eta indarrak orekatuta, alkateak kalitattezko bozka erabili zuen emaitza bere alde desorekatzeko. Edalontziak gainezka egin zuen. EH Bildu, PSN eta Geroa Baiko zinegotziak altxatu eta bilkura aretotik irten ziren, eskuineko zinegotziak bakarrik utziz bertan. Bilkurak ez zuen aurrera jarraitu.

Zentsura mozioa

Enrique Mayak eta bere taldeak beren asmoak argi utzi dituzte, ez dute indar banaketa demokratikoa errespetatutako.Gauzak horrela, Geroa Baiko zinegotziek zentsura mozioaren aukera mahaigaineratu dute.

2019ko udal hauteskundeetan 13 zinegotzi eman zizkioten herritarrek Navarra Sumari eta 14 oposizioko alderdiei: 7 EH Bilduri, 5 PSNri eta 2 Geroa Bairi. Joxe Abaurrearen dimisioa emanda, indar oreka galtzen da Navarra Sumaren alde, alkateak kalitatezko bozka erabil baitezake. Abenduaren 30ean aurrekontuen gaineko eztabaida eta bozketa eginen da. Enrique Mayak berez ez du hauek aurrera ateratzeko sustengu nahikorik, bainan azken bilkurako jarrera ikusita argi dago kalitatezko bozka erabili nahiko duela. Behin Abaurrearen dimisioa gauzatuta, udaleko idazkariak hauteskunde batzordeari bere ordezkoaren akreditazioa eskatuko du. Ikusi beharko da Garbiñe Buenoren baimena ordurako iristen den, baina zaila dirudi, azken ordezkapenean hilabete bateko epea hartu baitzuen hauteskunde batzordeak dokumentazio guztia bidaltzen. "Navarra Sumak ongi neurtu ditu denborak, aurrkeontuak onartu ahal izateko, ongi prestatutako estrategia izan da" salatu zuen Euskalerria Irratian Joseba Asironek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!