Maiaren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko du Geroa Baik, baldin eta Abaurrearen dimisioa aprobetxatzen badu

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 16a, 07:24

Geroa Baiko zinegotzi Javier Leoz eta Patxi Leuza, artxiboko irudi batean.
  • PSNk ez ditu sustengatuko Navarra Sumaren aurrekontuak.
  • Koalizio aurrerakoiak mozioa aurkeztuko du baldin eta alkateak kalitatezko botoa erabiltzen badu proiektua aurrera ateratzeko.

Enrique Maia alkateak zentsura mozioa pairatuko du, baldin eta Navarra Sumak EH Bilduko zinegotzi Joxe Abaurrearen dimisioa baliatzen badu 2022ko aurreokntuak onartzeko. "Udal honetako gehiengoak modifikatzen ari dira", salatu du Geroa Baiko eledun Javier Leozek. "Espero dut esan duenaren aurka, azkenean Maiak guxtieneko zentzu demokratiko eta etiko bat edukitzea". Leozek, halaber, Navarra SUmaren aurrekontuproiektua "herritarrei egindako iruzur handi bat" dela nabarmendu zuen, hiriburutza kartaren kontura "betezinak diren kontuak" planteatzen dituelako. 

Atzo goizean, lehen orduan, Maiaren aurrekontuak ez zituela sustengatuko jakinarazi zuen PSNko eledun Maite Esporrinek. Handik ordu betera, prentsaurrekoan, zentsura mozioa aurkezteko aukera aipatu zuen Geroa Baiko eledun Javier Leozek.

2022ko aurrekontu proiektua abenduaren 30eko osoko bilkuran bozkatuko dute, eta ikusteko dago Hauteskunde Batzorde Nagusiak ordurako Abaurrearen ordezkapena ahalbidetuko lituzketen kredentzialak tramitaturik izanen dituen. Garbiñe Bueno ordurako EH Bilduko zinegotzi karguaz jabetu ez bada, Navarra Sumak 13 boto izanen ditu eta gainontzeko alderdiek beste horrenbeste. Hartara, alkatearen kalitatezko botoa aski izanen da aurrekontuak aurrera ateratzeko.

PSNren aurrekontuen aurkako jarrera azaltzeko tenorean, Esporrinek 2021eko aurrekontuen gaineko akordioa ez dela bete esan zuen. Haren irudikoz, PSNren bederatzi zuzenketa betetzeke geratu dira. Zehazki, etxebizitza soziala, Sarasate pasealekua, Eroritakoen monumentua, Labriteko zaldaina, Labriteko bidegorria, Pio XII.a, Caparrosoko txaleta eta espetxe zaharreko atea aipatu zituen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!