'Mendian hil, hirian hil' filma eskainiko dute gaur, Golem Baiona zinema aretoan

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 10a, 07:47

2020ko Mendi Film Festival jaialdiko euskarazko film onenaren saria jaso zuen. Iñaki Peñak zuzendu du, eta mendian izaten diren heriotzaren inguruan gogoeta egin du, testigantzen bitartez. 

Gaur arratsaldean, Golem zinemetan, Mendi Tourraren barruan, iaz Mendi Film Festival jaialdiko euskarazko film onenaren saria jaso zuen dokumentala aurkeztuko dute: Iñaki Peñaren Mendian hil, hirian hil.

Mendi tontor elurtuan edo eta ospitale bateko logela batean hildako senide bat gogora ekar dezakegu bihotzean minik sentitu gabe?. Galdera hori plazaratu nahi du Mendian hil, hirian hil dokumentala. Galera, sufrimendua, itxaropena, memoria.. Funtsean, heriotzari buruzko solasaldi bat da, mendia kalearekin eta kalea mendiarekin lotzen duena; ikuslea gogoeta egitera bultzatu nahi duena, imajina dezan zer den maitatutako pertsona bat mendian galtzea.

Iñaki Peña Debagoienako Ospitaleko Zainketa Aringarrietako medikua eta zinemagileak zuzendu du, eta gaur arratsaldean Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza magazinean izango da, Lohizune Amatrirekin solasean.

Heriotzaz eta ondorengo prozesuaz hausnartzeko, zuzendariak 2017an Pirinioetan hildako Mikel Cresporen, 2001ean Pumorin hildako Beñat Arrueren edota 2014an Cho Oyun hildako Xabier Ormazabalen senideen testigantzak jaso ditu. Bada, haietako bat ere, Andoni Ormazabal, Euskalerria Irraitan izango da gaur arratsaldean.

Dokumentalean, gainera, Iñaki Otxoa de Olzaren heriotza gertutik bizi izan zuen Jorge Nagore kazetariak, eta Juanjo San Sebastian eta Felipe Uriarte alpinistek euren esperientziak kontatuko dituzte.

Gaur arratsaldean eskainiko dute, bi emanalditan, 17:30ean eta 20:00etan, Golem Baionan zinemetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!