SANFERMINAK 2025

Sanferminak despeditzeko, Sorotan Bele oholtzan

Euskalerria Irratia 2025ko uzt. 10a, 10:51

Sorotan Bele gogoan izeneko kontzertua eskainiko du talde mitikoak Iruñean. Pandemian piztu zen gogoa eta berreskuratu egin dituzte 90eko hamarkadan horren ezagun egindako kantuak. Tokian tokiko banden laguntza izaten ari dira eszenatokietan taldekideak eta horrek berezi bilakatzen ditu kontzertuak. Jendearen harrera beroarekin kontent dira taldekideak. Euskalerria Irratiak elkarrizketa egin die sanferminetako emanaldiaren bezperetan. Hemen entzungai (argazkietan klik eginda) eta irakurgai: 

Zuek izanen zarete oholtza gainean, 1992an taldearen ibilbidea abiatu zenuten berberak. 

Bai, gu izanen gara bai. Hala planteatu genuen hasieratik. Pandemia baino lehenago pentsatua zegoen, pandemiak berak atzeratu zuen, baina izurritea pasata mahai gainean jarri genuen ideia. Geroztik gu gaude oholtzan beste musikari askorekin batera hau guztia aurrera ateratzen. 

"Gu geu gara" diozue, eta horrenbeste denboraren ondoren, zer sentsazio bizitzen ari zarete?

Galdera ez da erraza erantzuten. Hitzekin ezin da adierazi. Gure artean askotan hitz egin dugu horretaz. Sentsazio oso polita da. 30 urteren ostean ikustea jendea kantatzen eta dantzan oso polita izaten ari da. Ez genuen espero halako erantzunik. Oso polita da bizitzen ari garena. 

Nola sortu zen bandekin aritzearen ideia?

Xabier Zabala musikariaren buruan sortu da. Sorotan Bele zalea da bera eta azken urteetan bandekin lan egindakoa. Zabalaren ibilbidea ezaguna da musikaren munduan; urtetan ibili da Pirritx eta Porrotxekin lanean. Berak egin ditu diskoak-eta. Gorka, Sorotan Beleko kantariari planteatu zion hau aurrera ateratzea herrietako bandekin. Gero, neri iritsi zitzaidan gonbidapena (Urbil Artola).  Zabalak iada harremanak eginak zituen. Bi urtez abiatu ginen horrela eta Sorotan Beleko gainerako kideei proposatu genien ondoren. Taldeko lau lagun, Xabier Zabala bera eta 40-50 musikari gehiago izaten dira gurekin eszenatokietan. Herri bakoitzean izaten diren banden araberakoa izaten da kopurua. 

Iruñean sanferminei amaiera emateko iritsiko zarete. Zer eskainiko duzue?

Aukera izanen duzue Sorotan Bele entzun eta ikusteko, bai. Barrutik ikusita, gustatuko litzaidake kanpotik ikusi ahal izatea nola jasotzen duen jendeak gure presentzia, gauza nahiko borobila, kontzertu nahiko politak geratzen dira. Gure kanta ezagun guztiak joko ditugu. Horrez gain, badira momentuak guztira: dantza egiteko, mantsoagoak direnak, akustikoak... Bandekin jotzeak ñabardurak entzutea dakar, kutsu berezia ematen diote. Hoberena, 14an Gazteluko plazara bertara joatea izanen da eta gozatzea. 

Horren ezagunak diren kantak entzun eta kantatzeko aukera izanen da, beraz?

Ikuskizuna hasieran lehen diskoan oinarritu genuen. Horrela abian jarri genuen proiektua. Gutxira ohartu ginen bigarren diskoko kantuak ere sar genitzazkeela. Horrela osatzen dugu errepertorioa. Tartean, kantu akustikoak daude omenaldi moduan aurkeztuta. Hori egunean bertan ikusi beharko duzue. 

Iruñean aukerarik ez duenarentzat Gazteluko plazara hurbiltzeko, bada beste hitzordurik?

Bai, Irunen izanen gara uztailaren 18an, uztailaren 20an Makean izanen gara eta gero Bilboko Aste Nagusian izanen gara abuztuaren 19an. 

Orain arte jendearen harrera beroa izan duzue. Iruñetik, zer espero duzue?

Kontzertuaren aukera mahai gainean jarri zenean zer edo zer berezia sortu zen guregan. Gazteluko plazan eta sanferminetan, argi dago berezia izanen dela. Gogo askorekin iristen ari gara une horretara. Gutxiago falta da. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!