Iruñeko Kale Nagusiko etxebizitza bati ustez su eman zion gizonezkoa behin behinean kartzelaratzeko agindu du epaileak. Sute delitua eta hilketa saiakera delitua egotzi dizkiote.
Astearte goizaldean sutea piztu zen Iruñeko Alde Zaharreko Kale Nagusiko 55. zenbakian, etxebizitza batean. Lehenengo pisuan izan zen sutea eta bertatik atera zituzten 50 urteko emakumea eta 47 urteko gizona erredura larriekin. Emakumezkoa Zaragozako ospitalera eraman zuten haren erreduren larritasuna zela-eta. Beste lau pertsona ere zauritu ziren sutean.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eman du jakitera epailearen erabakia. Hasiera batean Iruñeko Instrukzio Auzitegiak ikertu zuen auzia, baina indarkeria matxistarekin zerikusia izan zezakeelakoan, Emakumeen kontrako Indarkeriaren Auzitegiak hartu zuen gaia.
Ustez etxebizitzari su eman zion gizonezkoa etxebizitza horretan bizi zen 47 urteko emakumearekin batera. Epailearen aurretik pasa da gaur, baina ez deklaratzeko eskubidea erabili du. Epaileak lau arrazoi eman ditu behin behineko kartzelaratzea eskatzeko: ikertutako gertaeraen larritasuna, genero indarkeriarekin zerikusia duten aurrekariak edukitzea, biktima babesteko beharra eta alde egiteko arriskua. Fidantzarik gabe kartzelaratuko dute.