Indarkeria matxistarekin zerikusia izan dezakeen ikertzen ari da polizia. Astearte goizaldean sutea piztu zen Iruñeko Alde Zaharreko Kale Nagusiko 55. zenbakian, etxebizitza batean. Eraikina hustu behar izan zuten su garrak eta kea nabarmena zelako. Lehenengo pisuan izan zen sutea eta bertatik atera zituzten 50 urteko emakumea eta 47 urteko gizona erredura larriekin. Bereziki gaizki dagoena emakumea da eta Zaragozako ospitalera eraman zuten haren erreduren larritasuna zela-eta.
Lehen hipotesien arabera gizonezkoak, aurretik ere tratu txarrengatik salatua zenak, su eman zion emakumeari eta ondoren su garrek etxe guztia hartu zuten. Sekretupean ezarri du ikerketa Iruñeko 2. Instrukzioko epaileak.