Pio XII.aren etorbideko lanak hilabete honetan hasi eta 6 fasetan eginen dira abendu bukaera arte

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 12a, 19:44

Makinak uztailaren 16an hasiko dira lanean Nafarroa etorbideko eta Errioxa kaleko bidegurutzeetan. Zirkulazioa ez da etengo, billabesen geltokiak ez dira aldatuko eta informatzaileak egonen dira obretan bertan.

Hilabete honetako azken astean hasiko dira lanak Pio XII.aren etorbidea zirkulazio bareagoko korridore jasangarri bihurtzeko, zeinean lehentasun handiagoa izango baitute oinezkoek, bizikletek eta hiri-garraioak. Hasierako lan horiek barne hartzen duten obraren zuinketa eta material-bilketa esku-hartzearen eremu desberdinetan. Sanferminen ostean, uztailaren 16an, makinak lanean hasiko dira Pio XII.aren 1. zatian (Irunlarrea-Nafarroa etorbidea) eta Errioxa kalearekiko elkargunean, aurreikusitako kronogramarekin bat. Hala azaldu dute gaurko prentsaurrekoan Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak, Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak eta Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako zuzendari Cristina Arregik, behin Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek esleitu dizkiola Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAU enpresari, 1.595.072,66 euroan. Gauzatzeko epea 180 egun naturalekoa da, eta berme-epea, hiru urtekoa. Zenbateko horrek 398.723,09 euroko beherapena dakar.

Obrak sei fasetan egingo dira (gauzatzeko epeekin bat etorrita), eta 13 zatitan banatuko dira. Zati horietako bakoitzean arian arian eta modu mailakatuan lan egingo da: orain ospitale-eremutik hasiko da, eta abenduan, Basotxo kaleko inguruan amaituko. Zirkulazioa ez da etengo (salbu eta errepidea asfaltatzeko unean uneko egunetan), villavesen ibilbideak eta geralekuak ez dira aldatuko, garajeetara eta etxeetara sartzeko bideak bermatuko dira, eta fase bakoitzean jarduketak aurrera doazen heinean, aparkatzeko eremu gorriak gaitzen joango dira inguruetan.

Halaber, eta sor daitezkeen zalantza guztiei erantzuteko, informazio bulego bat jarriko da obretan bertan, lanak aurrera doazen ahala mugituko dena; obraren gaineko informazio praktikoa banatuko da etxez etxe esku-hartzeak non eta eremu horietan (Iturrama, Donibane, Pio XII.a, ospitale-eremua, Etxabakoitz baita Zizur Nagusian ere); auzotarrei behar bezala eta denboraz ohartaraziko zaie lanetako fase bakoitza noiz hasiko den, eta datozen asteetan esku-hartzeak ukitu ditzakeen sektoreekin bilera informatiboak egingo dira. Helburua da, zinegotziek prentsaurrekoan esan duten moduan, lan horiek ahalik eta ondorio txikienak ekartzea gune horietan bizi eta lan egiten dutenentzat.  

Espaloi zabalak, bidegorria, bide bat ibilgailu pribatuentzat eta beste bat villavesentzat

Jarduketaren zati osoak barne hartzen du Pio XII.aren etorbidea, Irunlarrea eta Basotxo kaleen arteko tartea. Lan horien bidez oinezkoentzako eremuak handitu eta etorbideko bi aldeetan banandutako bidegorriak gaituko dira, orotara 3 kilometro berri egin arte. Galtzadetan, kendu egingo dira bi noranzkoetan aparkatzeko dauden tokiak, eta espazio horretan gaituko dira bidegorriak eta oinezkoek irabazten dituzten eremuak. Espaloietatik gertuen dagoen galtzada-erreia multifuntzionala izango da, eta bertan egongo dira hiri-garraioko erabiltzaileek itxaroteko plataformak, hiri-hondakin solidoak biltzeko edukiontzien gunea, desgaitasunen bat duten pertsonek aparkatzeko toki batzuk eta zamalanetarako gunea; eta Antso Azkarra, Iturrama eta Nafarroa etorbidearen bidegurutzeetan, hiri-garraioarentzako lehentasunezko gunea egongo da, semaforoen bitartez.

Behin obrak amaituta, ibilgailuendako bi errei egongo dira zirkulazioaren noranzko bakoitzean Garraio publikoak kanpoko erreietatik zirkulatzeko lehentasuna izango du, eta geralekuetan geratuko da, alde batera baztertu beharrik gabe. Alde bakoitzeko erdiko erreiak, erdibitzailearen ondokoak, ibilgailu motordun pribatuak ibiltzeko izango dira funtsean, nahiz eta kanpo-erreiak ere erabiltzen ahalko dituzten, betiere garraio publikoaren eta horrek egiten dituen geldialdien mende. Anbulantziek eta larrialdietako garraioek erabateko lehentasuna izango dute, edozein bidetan bezala. Hori horrela, etorbideak hiriaren erdialdea eta kanpoaldea lotzen dituen ardatz gisa behar duen gaitasun nahikoa izaten jarraituko du.

Jarduketak sei hilabetetan, eta lanak amaituta urte bukaerarako

Obra-proiektuak 13 zatitan banatu du Irunlarrea eta Navas de Tolosa kaleen arteko eremua, eta lanak mailaka egingo dira, baina zirkulazioa eten gabe eta villavesen ibilbideak moldatu gabe; etxebizitzetara sartzeko bideak bermatuko dira, eta aparkatzeko toki gorriak gaituko dira. Aurreikusitakoaren arabera, eragin nabarmena izango duten jarduketa bakarrak honako hauek izango dira: estuguneak galtzadan; behar bezala seinaleztatuko diren desbideraketak oinezkoendako, jarduketak non eta bidegurutze horietan; markesinak egokitzeko lanak eta hondakin-edukiontzien lekualdaketak.

Ekainaren azkeneko astean eta uztailaren lehenengoan hasiko dira aldez aurretiko lanak, makina astunak lanean hasi aurrekoak. Aurreikusita dago bi aste horietan egitea inplantazio-lanak (obra-txabolak zein - biltegiak, bulegoak eta abar jartzea); obraren zuinketa (neurketak eta markatzeak); hornidura- eta material-eskaerak; hesi, itxitura-osagai, kartel eta seinaleen bilketa; eta koordinazio-lanak Udaleko departamentuekin.

Aurreikuspena da uztailaren 16tik aitzina makina astunak lanean hastea Pio XII.aren lehen zatian (Irunlarrea-Nafarroa etorbidea) eta Pio XII.ak Errioxa eta Iturrama kaleekin bat egiten duen elkargunean (4. zatia); hartara, aprobetxatu egingo da data horietan zirkulazio eta oinezko gutxiago dagoela. Abuztuan hor amaitu eta lanak hasiko dira Nafarroa etorbidearekiko elkargunean (2. zatia) eta Antso Azkarraren etorbidearekiko elkargunean (6. zatia). Irailaren lehenengo hamabostaldian 2. zatiko lanak amaituko dira, eta bigarren hamabostaldian, Antso Azkarraren etorbidekoak. Aldi berean, Nafarroa etorbidea eta Errioxa kalearen arteko tartean egingo dira jarduketak (3. zatia), Errioxa kalearen eta Antso Azkarraren arteko tartean (5. zatia) eta Urdazubiko Monasterioaren kalearekiko elkargunean (8. zatia). Lan horiek urrian amaituko dira. Hilabete horretan, txanda iritsiko zaio Antso Azkarraren etorbidearen eta Urdazubiko Monasterioaren kalearen arteko zatiari (7. zatia), Urdazubiko Monasterioaren eta Gaztelugibel kaleen artekoari (9. zatia) eta Gaztelugibel kaleari (10. zatia).

Azkenik, azaroan, behin urrian abiatutako lanak amaituta, azken hiru eremuetako lanei helduko zaie: Gaztelugibeletik Navas de Tolosa kaleraino, Basotxo kalea barne. Hori horrela, urte amaierarako amaituta egongo dira Pio XII.aren etorbide osoko lanak.

Hilabete horietan beti egongo da pertsona bat informazioa eta arta emateko oinezkoei, auzotarrei eta merkatariei, eta zalantzak argitu zein iradokizunak aintzat hartuko ditu. Halaber, informazioa erraz eskuratzeko, informazio-euskarriak paratzea pentsatu da, eta baita ere, eremuetako postontzietan argibide-orriak banatzea, mundu guztiak jakin dezan eremu bakoitzean noiz egingo diren lanak. Halaber, argibideetarako telefono bat egongo da, eta zamalanetarako guneak arreta bereziz zainduko dira.

Aldaketa nagusiak bidegurutzeetan

Aldaketa nagusiak esku-hartzearen tarte horretako sei bidegurutzeetan egingo dira, sei kale hauekiko elkarguneetan, hain zuzen: Nafarroa etorbidea, Iturrama/Errioxa kalea, Antso Azkarraren etorbidea, Urdazubiko Monasterioaren kalea, Gaztelugibel kalea eta Armada etorbidea.. Bidegurutzeak trinkoagoak izango dira, non oinezkoek lekua irabaziko baitute: pasabideetan oinezkoen segurtasuna eta ibilbide naturalak lehenetsiko dira, eta bizikletek pasabide berezia izango dute, “ziklistendako anbar” gisa seinaleztatua, bai eta babesguneak ere biraketetan.

Aparkatzeko tokiez bezainbatean, orain arte Pio XII.aren trazaduran kokatuko 126 toki horiek desagertuko direla konpentsatzeko, merkataritza-ordutegian txandaka aparkatzeko 77 toki gorri sortuko dira Pio XII.aren etorbidearen ondoko kaleetan (Urdazubiko Monasterioaren kalean, Errioxa eta Iturrama kaleetan, adibidez) eta aparkaleku-poltsak etorbidearen 17, 18 eta 21 zenbakietan, gehienak merkataritza-gunetik eta ardatz jasangarritik 50 metro baino gutxiagoko distantziara, eta den-denak, gehienez ere, etorbidetik 2 minutura oinez.

Irisgarritasunari dagokionez, eta Udalak hainbat elkarte eta kolektiborekin izandako bileren ostean, zenbait ekimen txertatu dira proiektuan: seinale podotaktilak oinezkoen pasabideetan eta oinezkoen tokietan, oro har; eta aparkaleku-poltsetara sartzeko espaloi jarraituak, seinale podotaktilez hornituak. Asmoa da ardatz jasangarri berrian kolektibo eta pertsona guztiek, edozein desgaitasun dutelarik ere, bermatuta izatea irisgarritasun unibertsala.

Bilerak, informazio-saioak eta informazio-banaketa etxez etxe

Lan horiek egiten diren bitartean, Iruñeko Udala bilera eta argibide-saioen programa prestatzen ari da, zuzenean azaltzeko obra-planaren alderdi nagusiak. Zehazki, alderdi hauen berri emango da: proiektuaren deskribapena, lanen plangintza eta horiek egiteko epeak, lanek iraun bitarte izango diren gorabeherak, eta horiek gutxitzeko aurreikuspenak. Halaber, topaketa horietan zalantzak eta kezkak argituko dira proiektua abiatzeak ekar ditzakeen arazoen inguruan.

Datorren astetik aurrera eta hilabete amaierara arte bilerak egingo dira, sektoreka, sektore bakoitzak pairatuko dituen gorabeherak berariaz aztertzeko. Korridore jasangarria izango den eremu horretako merkatariak, ostalariak eta negozioen jabeak izango dira lehenak topaketa horietan parte hartzen, zeinetan, aurreikusitakoaren arabera, enpresa esleipenduneko teknikariak ere egongo baitira. Bigarren bileran, etorbidearen inguruetako ikastetxeen sarbideei buruz arituko dira, eta horretarako hitzordua jarriko da ikastetxeetako zuzendaritza-taldeekin eta IGEekin.

Azkenik,auzotarrei zuzendutako hiru kanpaina pentsatu dira, zeinen bitartez informazioa etxez etxe banatuko baita, unean-unean jakiteko zer lan egingo diren. Lehenengo banaketa aste honetan bertan egingo da, eta korridore jasangarri berriaren azalpen praktikoa emateko 25.000 esku-orri banatuko dira Pio XII.ean, Donibanen, Ermitagañan, ospitaleen eremuan, Etxabakoitzen, Zizur Nagusian eta Zizur Txikian. Bigarrena uztailaren 16a baino lehen egitea aurreikusi da, eta lanen programa eta kronogramaren azalpen praktikoa izango da (25.000 ale banatuko dira ere bai); azkenik, aurreikusitakoaren arabera, hirugarren banaketa obrak gauzatu ahala egingo da, esku-hartzearen 13 zatietako bakoitzean.

Gaurko prentsaurrekoan, Hiri Bizigarriko zinegotzi Joxe Abaurreak eta Hiri Ekologia eta Mugikortasuneko zinegotzi Armando Cuencak defendatu dute mugikortasun jasangarriago eta seguruagoko hiri baten alde egiten duen filosofia, zeinak Europako beste hiri batzuetan garatzen ari diren proiektuen bideari heltzen baitio, betiere aintzat hartuta Iruñerriko Mankomunitatean garatzen ari den PMUSa (Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana). Agerraldian, gogora ekarri dituzte iazko urte amaieran egindako ikerlanaren datuak, erakusten zutenak Pio XII.ean eta horren jarraipena den Basotxo kalean 4.485 joan-etorri egiten zirela bizikletaz egun batean, eta beraz, Iruñeko bizikleta-ardatz nagusietako bat zela. Horrez gain, kalkulatu zen etorbide horretan 16.000 eta 20.000 lagun artean ibiltzen direla oinez eguneko, batez beste.

 

Pio XII.aren obra-proiektuaren printzipio orokorrak

  • Oinezkoen ibilbide naturalak: oinezkoen pasabideak Pio XII.etik gertuago, zuzenagoak eta oinezkoarendako arrisku gutxiago dituztenak, batez ere Antso Azkarra etorbideko eta Iturrama kaleko loturetan.
  • Ibilgailu motordunen biraketa-erradioa murriztea: asmoa da trafikoa baretzea biraketa handiagoak eginaraztearen bitartez; hori lortzeko egun dauden irlatxo zenbait txikiagotuko dira zenbait kasutan, batez ere Antso Azkarraren etorbidearen eta Iturrama kalearen elkargunean.
  • Bidegorriak bidegurutzeetan txertatzea, eta horiek babesteko neurriak ezartzea: bizikletek lehentasuna izango dute, eta bidegorria banatzeko irlatxoak sortuko dira mutiloi eta sareen bidez.
  • Villavesen zirkulazioa lehenestea egun ibilgailu mota guztiek erabiltzen duten erreia autobusek soilik erabiltzeko errei bihurtuta bi bidegurutzetan: Antso Azkarrarenean, bi noranzkoetan, eta Nafarroa etorbidekoan, Zizurrerako bidean.
  • Bizikletendako bi noranzkoko pasabideak gaitzea, etorbidea zeharkatzeko, oinezkoen pasabideekiko paraleloan

 

Esku hartzeko 13 zati Pio XII.aren etorbideko korridore jasangarrian

  • 1. zatia. Irunlarrea kaletik Nafarroa etorbidera: uztaila eta abuztua.
  • 2. zatia. Nafarroa etorbidearekiko bidegurutzea: abuztua eta iraila.
  • 3. zatia. Nafarroa etorbidetik Errioxa kaleko bidegurutzera: iraila eta urria.
  • 4. zatia. Errioxa eta Iturrama kaleek bat egiten duten bidegurutzea: uztaila eta abuztua.
  • 5. tartea: Errioxa kaletik Antso Azkarraren etorbideko bidegurutzera: iraila eta urria.
  • 6. zatia. Antso Azkarraren etorbideko bidegurutzea: abuztua eta iraila.
  • 7. zatia. Antso Azkarraren etorbidetik Urdazubiko Monasterioaren kaleko bidegurutzera: urria eta azaroa.
  • 8. zatia. Urdazubiko Monasterioaren kaleko bidegurutzea: iraila eta urria.
  • 9. zatia. Urdazubiko Monasterioren kaletik Gaztelugibeleko bidegurutzera: urria eta azaroa.
  • 10. zatia. Gaztelugibel: urria eta azaroa.
  • 11. zatia. Gaztelugibeletik Armada etorbidera: azaroa eta abendua.
  • 12. zatia. Armada etorbidearekiko bidegurutzea: azaroa eta abendua.
  • 13. zatia. Armada etorbideko bidegurutzetik Navas de Tolosa kalera: azaroa eta abendua.

 

Esku hartzeko 6 fase Pio XII.aren etorbideko korridore jasangarriaren obretan

  • 0. fasea. Ekaina eta uztailaren lehenengo astea. Aldez aurretiko lanak
  • 1. fasea. Uztaila. Esku-hartzeak 1. eta 4. zatietan.
  • 2. fasea. Abuztua. 1. eta 4. zatietako lanak amaituko dira, eta 2. eta 6. zatietakoak hasi.
  • 3. fasea. Iraila. 1. eta 4. zatietako lanak amaituta. 2. eta 6. zatietako lanei buru emango zaie. 3 , 5. eta 8 zatietako lanak hasiko dira.
  • 4. fasea. Urria. 1., 2., 4. eta 6. zatietako lanak amaituta. 3., 5. eta 8. zatietako lanei buru emango zaie. 7., 9. eta 10. zatietako lanak hasiko dira.
  • 5. fasea. Azaroa. 1., 2., 3., 4., 5., 6. eta 8. zatietako lanak amaituta. 7., 9. eta 10. zatietako lanei buru emango zaie. 11., 12. eta 13 zatietako lanak hasiko dira.
  • 6. fasea. Abendua. 1., 2., 3.,4., 5., 6., 7., 8., 9. eta 10. zatietako lanak amaituta. 11., 12. eta 13. zatietako lanei buru emango zaie.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!