Ion Orzaiz
Ospitalea ez da inorekin harremanak izateko tokirik aproposena, baina bertan ezagutu zuten elkar. Martin eta Matilda. Gizon hiritarra eta herriko emakumea. Kolitis ultzerosoa eta apendizitisa. Ohe bien artean, metro eta erdiko tartea. Eta tantaz tantako aparatua.
Ospitaleak gorroto zituen Martinek. Gorroto ditu. Birusak airean, germen patogenoak komuneko izkin guztietan, auskalo nork prestatutako janari higuingarria eta gauaren erdian, termometroa eskuan, etengabe esnatzen zaituzten erizain hitzontzi eta petralak. Bai, Martinentzat, ospitalea kaosa zen bere zentzu hertsienean. Eta berak, berak ordena maite du. Kosmosa.
Etxean dagoenean ere, hirutan garbitzen ditu eskuak txiza egin ostean. Ez behin, ez birritan. Hirutan. Ur hotzarekin lehenbizi, xaboi eta ur epelarekin gero, eta ur beroarekin azkenik. Martinek protokolo zehatz bat du eguneroko kontu ezdeus guztietarako, eta ez du inoiz protokolo hori urratzen. Sekulan ere ez. Janaria alfabetikoki ordenatua dauka hozkailuaren barruan; izarak egunero-egunero aldatzen ditu, germen edo akaroek bertan habia egin dezaketelako; eta norbaitek etxera hots egiten duenean, zapi batekin hartzen du telefonoa. Amaitzean, zapi horrekin berarekin, gogotik garbitzen du aurikularra, eseki aurretik. Bada ezpada ere.
Matildak, berriz, ez du protokolorik ia ezertarako. Axolabaiko hutsa zela esan ohi zion amona Kontxik. Herrian bizi da, etxe zahar batean. Gurasoak zendu arte, oiloak eta zerriak izan zituzten etxabean, baina Matildak, orain, despentsa gisa erabiltzen du espazio hori. Despentsa gisa eta baita bere Vespa zaharra gordetzeko ere. Etxea handiegia da pertsona bakarrarendako, baina pozik bizi da bera, landareak zaintzen, lekak zein tomateak baratzean landatzen eta Mixu, bere katua, sutondoan laztantzen. Poesia ere idazten du Matildak, noizean behin. Amodiozko poema ederrak. Baina ez du inoiz olerki-bildumarik argitaratu. Nola argitaratuko ditu, bada, poemak edonoren aurrean irakurtzeak ere lotsa ematen badio? Koaderno urdin batean idazten ditu burutazio eta bertso guztiak, eta gero, zapata kutxa higatu batean gordetzen ditu, ohe azpian.
Ospitalea ez da inorekin harremanak izateko tokirik aproposena, baina, gezurra dirudien arren, Martin eta Matildaren artean amodioa piztu zen. Martinek erakargarria zeritzon Matildaren lasaitasun kutsakorrari, eta Matildak gogoz barre egiten zuen Martinen xelebrekeriekin, honek serio demonio esaten zituen arren. Hala eman zuten hiru egun, kontu kontari.
Matildaren apendizitisa, ordea, Martinen kolitisa baino azkarrago sendatu zen. Martini kolon ebakuntza egin behar izan zioten, eta bi astez gelditzera behartu zuten. “Bi aste gehiago!”, kexatu zen. “Bi aste gehiago mikrobio eta bakterioen lurraldean!”. Baina bi aste horiek ez ziren izan Martinek uste bezain lazgarriak. Matilda, behintzat, alboan izan zuen uneoro. Alta eman zioten arren, egunero-egunero joaten zen bisitatxoa egitera, eta arratsalde osoa ematen zuten txisteak kontatzen edota kartetan jolasten. Poema bat edo beste irakurtzera ere ausartu zen emakumea.
Martinen kolona osatu zenean, pausu bat harago joateko unea heldu zela pentsatu zuen Matildak, eta proposamen zuzena egin zion: “Martin, gaur arratsaldean, alta emanen dizute. Etorri nahi al duzu nirekin herrira?”. Martin ustekabean harrapatu zuten hitz horiek. Matilda atsegin bai, baina ez zuen toki arrotz gehiagora joan nahi. Nahikoa zuen ospitaleko mikrobioekin, berriak ezagutzen hasteko. Eta herri batean! Nork daki ze infekzio mota harrapatu dezakezun halako toki batean. Martinen buru barnean engranajeak biraka ikusiko balitu bezala, Matildak mutilaren pentsamenduak igarri zituen. “Nahiago baduzu, zure etxera joan gaitezke”, esan zion. Baina horrek ez zuen Martin lasaitu. Beste pertsona bat etxean? Isolatu eta esterilizatutako espazio horren garbitasuna eta ordena apurtzera etorriko zen beste pertsona bat? Ezta pentsatu ere! “Ilusio handia egiten dit zure herria ezagutzeak”, esan zuen azkenik.
Alta eman eta ordubetera, han ziren. Matildaren herrian. Vespa zaharretik jaitsi bezain laster, Martinek muturrera eraman zuen zapia. Ez zuen aire hura arnastu nahi. Matildaren atzetik joan zen, haur tipi bat bezalaxe, ardi kakak kontu handiz saihesten, etxera iritsi ziren arte. Atea kirrinka ozen batez zabaldu zen. “Tira, bada, hauxe duzu nire etxea. Hemen, egongela duzu eta hortxe, tximinia. Pasabidearen bestaldean sukaldea dago, eta goian, logelak”. Matildak gela guztiak erakutsi zizkion Martini, baina honentzat, itxura berbera zuten denek: Kobazulo bat ziruditen. Anabasa ikusten zuen toki guztietan: arropa handik eta hemendik botata, hautsa armairuen gainean, tantak isurtzen zitzaizkion kanila bat, eta okerrena… katu handi bat sofan etzanda!
Bisitaren ostean, egongelan eseri ziren biak. Aurretik, Martinek zapia hartu eta ipurdi azpian jarri zuen, zer gerta ere. Ordurako, inork ez zuen hitzerdirik esaten. Ezta katuak ere. Isilune ezerosoa nagusitu zen egongela horretan. Hamar segundu, hamabost, hogei… Martinek eztula egin zuen. Elkarri begiratu zioten, eta tontakeriak atzean uztea erabaki zuen Matildak. Martinengana hurbildu eta muxu eztia eman zion ezpainetan.
Hasierako ezustekoa gaindituta, mutilak ondorioztatu zuen oso gauza atsegina zela elkarri muxu ematea. Baina horrekin batera, giza gorputzaren bakterio-iturri nagusienetako bat ahoa zela oroitu zuen. Eta bakterioak, mikrobioak eta birusak Matildaren ezpain eta mingainetik bere eztarrira salto egiten irudikatu zituen. Ehunka milaka germen, beste horrenbeste gaixotasun eragiteko prest. Jauzi batez ezpainak Matildaren muturretik aldendu eta zutik jarri zen. “Uste dut hobe izanen dela etxera joaten banaiz”, esan zuen. Itzulera bidaia ixilean egin zuten, Vesparen motor zaharraren zarata besterik aditzen ez zela. Handik ordubetera, Martin bere etxe ordenatu eta garbiaren lasaitasunean zen berriz.
Baina ez pentsa harremana hortxe eten zenik. Ezta hurrik eman ere. Harreman sendo eta iraunkorra dute oraindik orain Martinek eta Matildak. Telefonoz eta internet bidez aritzen dira egunero, hitz eta pitz, ipuinak kontatzen eta kartetan jolasten. Hamar urte daramatzate nobiotan, eta akaso, hauetako egunen batean elkar ikusteko aukera izanen dute berriz ere. Matildak harriak ditu giltzurrunean eta Martinek, berriz, gernu infekzioa.
[display_podcast]
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!