“Zutaz agurtzera noa, hau errepikaezina izan da”. Halaxe dio Skabidean taldearen abestietako batek. Ez dakigu agurtzera doazen edo ez. Badakiguna da Skabidean taldearen bidea errepikaezina izaten ari dela. Datorren urtean 15 urte eginen ditu Iturramako institutuan, lagun artean sortutako taldeak, eta hori bere horretan bada lorpen bat. Baina hortik haratago ere Skabideanek bide propio bat hondu du, autogestioa eta elkarrekintza oinarri izan dituena.
Hamabosgarren urteurrenak, beraz, merezi du neurriko bira bat, eta horixe da Skabideanek antolatu duena. 2027a urte polita izanen da taldearentzat. Urte polita, eta berezia ere akaso. June Gabarain, Antonio Iriarte, Imanol Olague, Tasio Lopez de Gereñu, Iñigo Garatea, Nikolas Leonardo, Gaizka Otsoa eta Oier Balda dira Skabidean. Euskalerria Irratian kontatu dizkigute biraren nondik norakoak, eta egindako bideari ere erraparatzeko tartea hartu dugu. "Oraingoz lau kontzertu lotu ditugu 2027rako", azaldu digute Antonio Iriarte eta Imanol Olague taldekideek, "baina 15 izatea gustatuko litzaiguke. Orain arte urtean ez ditugu inoiz 40 kontzertu baino gutxiago eman, baina gure burua mugatu nahi dugu kontzertu bakoitza berezia izatea nahi dugulako".
Momentuz, lau kontzertu aurreikusi dituzue, urte hasieran bi, urte bukaeran beste bi: martxoaren 20an Gasteizko Jimmi Jazzen, apirilaren 24an Astigarragan, urriaren 30ean Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan; eta azaroaren 6an Bilboko Kafe Antzokian.