Oihana Ganuza eta Hodei Flores, arratsalde on.
Arratsalde on
Zaintzaren inguruan mintzatuko gara bereziki gaur. Eta zuek, badakizue zertaz ari naizen. Galdetuko banizue, zaintza zuentzat zer den, nola azalduko zenukete?
Oihana Ganuza: Nire kasuan bizitza aldaketa izan zen. Lehenbiziko esperientzia izan zen ama bezala. Zaintza bereziak behar izan ditu jaiotzetik. Lehen bi hilabeteak ospitalean pasa genituen eta hortik aurrera ama izateaz gainera erizain… edo momentuan tokatzen dena da. Zaintza 24 ordu berarekin. Etxera iritsi bezain laster erabaki nuen kanpoan egiten nuen lana utzi eta etxean geratuko nintzela alabak behar zuen zaintza eskaintzeko. Bestela, kanpoan 8 ordu lanean arituta ezinezkoa da behar duena eskaintzea. Eskerrak badiren laguntzak eta horiei esker etxean geratu ahal izan nintzen.
Bada, hortik hasiko naiz Oihana. Badira beraz, laguntzak zaintza hori egingarria izan dadin
OG: Prestazio bat dago: CUME du izena. Minbizia edo gaixotasun larriak dituzten gurasoei bideratuta dago zaintza lanak egin ahal izateko. Lasaitasun hori ematen dizu: haurra ongi zainduta dagoela eta hilabete bukaerara ekonomikoki ere ongi iritsiko zarela.
Hodei, zure kasuan, zer da zaintza?
Hodei Flores: Nire kasuan desberdina da. Zaintza lehen alabarekin garatu zitzaidan. Zaintza norma-tipiko bat izan zen. Bigarren alaba jaio zenean bai ezagutu nuen Oihanak ezagutzen duen 24 ordukoa. Hasieran norma-tipikoa zen baina 17 egun zituenean lehen ospitaleratzea izan zen eta hor ikusi nuen zaintza betiko iritsi zela.
Gaixotasun kronikoak dituzte zuen alabek. Zeri egiten diezue aurre?
OG: Maddiren kasuan gaixotasun bat eta sindrome bat ditu. Jaio eta berehala atzeman zioten gibeleko gaixotasuna eta denborarekin sindromea. Beti ateratzen dira gauza berriak, bereziki hasieran. Ospitalean asko egotea tokatu zaigu, eta horrek dakarren pisua.
Hodei, zuen kasuan?
HF: Gure kasuan ez dago gaixotasunik. Iraide hasi zen gaixotzen bronkiolitis, gastroentiritis… itis-guztiak hartzen, baina denborarekin ikusi genuen bazituela beste ezaugarri batzuk. Autismoa diagnostikatu zioten. Oraindik ezagutzen ez den arren zergatik, baina gurearen kasuan ohi baino gehiago gaixotzen da. Bederatzi urte ditu orain, gutxiago gaixotzen da, baina nahi baino gehiago bisitatu ditugu ospitaleak.
Zuengan zer eragin du egunerokoan. Lana uztea, hori aldaketa nahikoa garrantzitsua da. Zein beste aldaketa egin behar izan dituzue?
OG: Nik ikasketak baditut lanean une haietan oso gustura nengoen eta hori dena alde batera uztea bai, bada aldaketa. 24 orduz etxean egotea zaintza lanetan, ba gogorra da. Baina eskerrak badiren laguntzak. Horri esker eman ahal izan dudalako pausua.
HF: Laguntza horren berri Oihanaren bidez ezagutu nuen. Ez dute oso eskuragarri jartzen. Nik hasieran ez neukan. Diagnostiko bat izatea asko kosta zitzaigun guri. Lana utzi behar izan nuen eta gainera gero pandemia, izurritea iritsi zen. Hori oso gogorra izan zen guretzat: etxean, 24 orduz, lanik egin gabe, kalera atera gabe…gogoan dut behin goizaldean tokatu zitzaigula autoa hartu eta ospitalera joan behar izatea hirugarren aldiz segituan eta sentitu ginela delitu bat egiten ariko bagina bezala. Oso latza izan zen. Oso gogorra. Laguntzarena jakin nuenean lasaitua hartu nuen, ze alde ekonomikoa ere haur hauekin sekulakoa da. Neri ere eman zidan errefortzu pertsonala: ezin dut lanera joan baina badut aitortza ekonomiko bat.
Askok esanen dute gainera zortekoak ere bazaretela hein batean ze diagnostikoak nahiko azkar iritsi ziren… Behin diagnostikoa izanda errazagoa da kudeatzen. Aipatu dituzuen diru laguntzak adibidez, gizarte zerbitzuetatik ez zaizue horren berri ematen?
OG: Hori bota genuen faltan. Kontua da iristen zarela une batera non ez dakizun zer egin behar duzun. Ongi legoke pertsona bat hurbiltzea eta azaltzea zein aukera dauden. Arreta integral bat izatea.
HF: Ez da batere ezaguna erakundeetan ere. Mutuan eskatu nuen eta han ere ez zekiten zer zen. Galdetu behar izan zuten. Ez da batere ezaguna. Orain gero eta ezagunagoa da.
OG: Ahoz aho pasatzearekin egin da ezagun. Gurasoen artean hitz egitearekin.
“Gurasooi eta haur horiei 24 orduko unitate batek lasaitasuna emanen liguke eta azkartasuna gaixotzen direnean behar duten arreta emateko”
Sare horiek ere sortzea garrantzitsua izaten da
OG: Bai, niretzako oso garrantzitsuak izan dira, bereziki hasieran. Gero egia da bakoitza bere erritmora doala eta bakoitzak modu batean bizi duela eta egiteko modu desberdinak daudela, baina garrantzitsua da beste egoera batzuk ezagutzea eta konpartitzea. Zure alabari zer pasatzen zaion ezagutzeko ere baliagarria da. Badirelako beste guraso batzuk denbora gehiago daramatela halako gaixotasuna duen seme edo alabarekin eta haien esperientzia ezagutzeak ere ulertzen laguntzen du.
Familia batentzat gogorra da ezagutzea zure seme edo alabak gaixotasun kroniko, arraro edo sendagaitza duela. Familia bakoitzak modu batean edo bestean bizi du. Denak errespetagarriak noski, eta denak zuzenak. Baina, ziur naiz, prozesuak badituela hari batzuk berdinak direnak. Nolakoa izaten da prozesua diagnostikoa heltzen denetik?
OG: Oso gogorra da bai. Gainera aita hil zitzaidan Maddi jaio zen urtean. Jaio eta txikia jaio zela ikusi genuen. Baina ez genuen ikusi edo ez genuen ikusi nahi bazela hor beste zerbait. Neonatosen egon zen eta analitikak ez ziren orekatuak ateratzen. Berehala ikusi zioten gibeleko gaitza eta Madrilera ebakuntza egitera joan beharko genuela esan ziguten. Madrilera joan eta haurrak bi kilo hartu zituenean kirofanoan sartu zuten. Ebakuntza egin zioten. Zirujauak esan zigun: ahal duguna egin dugu ze ez dago horren material txikia ebakuntza egin ahal izateko. Egia esan oso ongi joan zen ebakuntza eta Maddi oso ongi dago. Denak harrituta daude.
Zuen kasuan Hodei, ez dago gaixotasunik baina bai nolakotasun bat.
HF: Prozesua ez da erraza, baina onartu behar da. Neri lasaitasuna eman zidan diagnostikoa izatea. Gure kasuan ez du tratamendu farmakologikoa, baina bai beste terapia batzuk.
Psikologikoki babestuta sentitu zarete?
OG: Ez. Neri ez didate aukerarik ere eman. Eskatuta pentsatzen dut bideratuko dizutela. Guraso bezala bada behar bat egoera aurrera eramateko, baina egia da eskaintza ez dela izan.
HF: Alde horretatik landa eremuan bizita agian badugu erraztasun bat medikuek eta erizainek ezagutzen gaituztelako, ez dugulako etengabe aritu behar zein den gure egoera.
OG: Bai, baina psikologora joan gara eta pribatura joan gara. Eta utzi dugu diru pila bat.
HF: Bai, bai. Hori argi dago.
Beraz, Osasunbidetik, publikotik zein baliabide ematen edo eskaintzen da?
OG: Neri ez didate askoz gehiago eskaini. Guk eskatzen badugu ez digute emanen.
HF: Haur eta nerabeentzako gunean izan ginen eta azken kontsultan bai aipatu zuten bazela baliabide bat familientzat. Dena dela, zain baldin bagaude, denbora asko joan daiteke.
OG: Denarentzat jo behar izan dugu pribatura. Terapia guztiak. Ez da deus sartzen publikoan. Zuri diagnostiko bat ematen dizute eta kitto. Baina nik zer egin beharko dut berari laguntzeko? Horri buruz deus ez. Dena jo behar izan dugu pribatura. Hasieran bada arreta goiztiarra, baina oso motz gelditzen da.
HF: Gure kasuan Iraidek gaixotasun arruntak zituen. Kasualitatez une horretan Etxarri Aranatzen ez zegoen pediatrarik. Eta aldiro larrialdietara jotzen genuen sei orduko itxaronaldiekin eta behin batean sei birus harrapatu zizkioten. Klaro, sei orduko itxaronaldi batean denetik harrapatzen zuen. Horrek egin zigun erabakitzea alor pribatura joko genuela pediatrarenera ere aseguru pribatuarekin. Diagnostikoa iritsi zitzaigun eta Osasunbidean esan ziguten diagnostikoa pribatutik zetorrenez ez zegokigula deus. Beraz, berriz hasieratik hastera. Aseguru pribatua hartu genuen zeren esaten genuen: halako bidaia batean eta itxaronaldi horietako batean hilko zaigu alaba.
Dena dela badago alor pediatrikoan Unitate berezitu bat, profesional talde oso bat horren atzean ere, Osasunbidekoa.
OG: Nire kasuan familia bat bezala. Sindromearen diagnostikoa eman zigun pediatra dago han. Elena eta Itziar. Guretzako dagoen laguntzarik onena da. Maddik duen edozerekin idatzi eta erantzuten dizute.
“Zortzi orduko unitate batek larrialditara jotzea dakar gainerako orduetan: haurraren istoriala berriz kontatzea, ordu luzez itxarotea, haurra ezagutzen ez duen profesionalekin egotea … segurtasun eza”
Landa eremuan bizi zarete. Lehen aipatu duzue horrek alde batetik baduela agian onura bat medikuek-eta ezagutzen dituztelako zuen kasuak, baina gainerako guztia Iruñean. Horrek badakar karga gehigarri bat
OG: Bai. Hori agian erabaki pertsonala izan daiteke. Guk erabaki dugu unitate horretara jotzea ezagutzen dutelako Maddi.
Familia hainbat elkartzen ari zarete Iruñeko Ospitalegunean dagoen pediatriako zerbitzu hori 24 ordukoa izan dadin. Hain zuzen, kasuak ezagutzen dituztelako eta segimendua egin dezaten arazo bat edonoiz sortzen bada ere.
HF: Gu orain dela gutxi sartu gara familien talde horretara. Bakoitza gurera joaten gara, zaintzan gaude murgilduta erabat. Hiru familia ezagutu genituen. Elena eta Itziarrekin erakundeetara jo zuten duela hiru urte eta eskaera hori eraman zuten. Erantzunik gabe segitzen dugu. Aurten berriz hasi dira mobilizatzen eta bat egin dugu haiekin. Zenbat eta jende gehiago orduan eta indar handiagoa eginen dugu. Lau eskaera nagusi dira: 24 orduz ematea arreta, pediatriako ospitaleratzea etxean,
OG: Aukera hori helduentzako baino ez dute eskaintzen. Ez dago zerbitzu hori haur eta nerabeentzat. Heldua izanez gero edozer egiten ahal dizute etxean: Pika modifikatu edo unean sortzen den arazo bati bide eman. Sendaketak… Haurrak horren zaurgarri ikusten dituztenez Iruñera bideratzen dizute. Baina, aukeran emanez gero ospitalera eraman edo etxean artatu ba aldea handia da.
HF: Hirugarren puntua litzateke bizitzaren azken uneetan zaintza etxean egin ahal izatea edo behintzat aukeratzeko eskubidea. Haurrak dira eta beti ematen du gauza gehiago baina familiak ohituago daude. Erizain, traumatologo, mediku… bilakatzen gara. Azken puntuak eskatzen duena da pediatriatik orokorretara pasatzen denean jarraipen bat izatea. Ea denon artean lortzen dugun gobernura iristea eta eskaera hauek aintzat hartzea. Nik uste dut gainera urtea dela aurten.
Zaintza paliatiboak aipatu dituzue, aringarriak. Eta horiek lotzen ditugu bizitzaren amaieran jasotzen diren horiekin, baina ez da beti horrela.
HF: Gu gehiago saiatzen gara erabiltzen herriko pediatra. Baina aste honetan jo behar izan dugu Iruñeko unitatera. Baina zaintza horiek 08:00etatik 15:00etara dugu. Zorte handia izan dugu. Aste honetan larrialdietara joan eta kronikoetan zegoela esanda berehala artatu zuten. Hori ez da ohikoena. Tokatu zitzaizkion profesionalek enpatia izan zuten eta berehala ikusi zuten apendizitisa zuela. Dena ordu eta erdian egin zioten. Hori ez da ohikoena eta ohikoena izan behar zuen.
OG: 130 familia gaude kronikoetan. Lehentasuna izan beharko genuke arreta jasotzerakoan.
Eskoletan nolakoa da haien egunerokoa?
OG: Nire alaba trantsizio gelan dago. Normal etorri da klasera. Etxean ospitaleratuta egon denean ere. Motxila eta biarekin etorri zen, tratamendua jasotzen. Pasa den ikasturtean sentsibilizazio kanpaina egin zuten. Ni etorri nintzen eskolara eta gainerako haurrei kontatu genien nolakoa zen Maddi eta zein gaixotasun zituen. Terapeutikoa izan zen haurrentzako eta guretzako. Zer natural jasotzen dituzten mezuak.
Zuen kasuan biek dituzue bi alaba. Nola darama besteak ahizpak gaixotasunak edo nolakotasuna izatea?
OG: Gure kasuan Lierni jaio zen Maddi etxean izanda eta berarentzako ahizpa da ez du gehiago ikusten.
HF: Berak ere ikasketa handi bat izan du. Bere espazioa kentzera etorri da eta gainera behar berezi batzuekin. Zaila da. Aldi berean badaki inork ezin duela ukitu, baina berak bai. Balore batzuk ere ematen dizkio. Helduago egiten ditu, bai. Arduratsuago.
OG: Barneratuta dute gure kasuan, batzuetan zain egon behar duela Maddik arreta behar duelako. Ikasketa prozesu bat ere bada. Sentsibilitate gehiago dute.
Eskatzen ari zareten guzti hau, argi duzue, ez dela pribilegio bat.
OG: Beste erkidego batzuetan indarrean daude eta oso ongi funtzionatzen dute. Ezin gara bizi goizeko 8 orduetatik kanpo gure seme alabak arreta jasotzerik izan gabe. Asteburuetan, arratsaldez, gauez.. ezin dira gaixo jarri unitate horren ordutegien arabera.
24 orduz egonen balitz broteak, ezinegon handiagoak.. ekidin zitezkeen. Iruditzen zaizue?
OG: Gu zerbait sortzen denean joaten gara.
HF: Bai, ekidin daiteke nik uste. Larrialdietarako egonaldiak adibidez.
OG: Gurea larrialdietara doa gibelean sortzen bada zerbait. Eta itxaronaldian zerbait gehiago har dezake…
Lehen esan duzu Hodei, orain da unea zerbitzua handitzeko. Zer esanen zenieke erakundeei zerbitzu hori zergatik den ezinbesteko zuentzat?
HF: Ez da kapritxo bat. Eskubide bat da. Gurasoak lasai egoteko eta gure haurren ongizatea ziurtatzea. Guk ez dugu eskatzen hotel bat, baizik arratsaldean edo asteburutan gaixotzen badira toki bat izatea nora joan joateko. Eskubide txiki bat ziurtatzea da. Ekonomikoki kostu bat izanen da, baina eskubidea ziurtatzea da. Har dezatela kontuan.
OG: Ekipo bat badago prest. Bada zerbitzua. Bada oinarri bat.
Gainerako familiei, profesionalei zein mezu helaraziko zeniekete?
HF: Denon artean indar gehiago egiten dugula. Bakoitza berera dago baina denon artean egin dezagun indarra: ez da pribilegio bat baizik eskubide bat. Denoi errazago entzungo gaituzte.
OG: Gure haurrak gaixotzen direnean nahiko larria izan daiteke eta profesionalak prest egon behar dira arreta emateko. Unitate bat izanda eman daiteke hori hobekien.
Oihana eta Hodei, benetan eskerrik asko zuen bizitzako ateak zabaltzeagatik eta errealitate horien berri emateagatik. Lagungarri izan daiteke beste askorentzat ere, ziur naiz.