Jar gaitezen azaroaren 29ko hauteskundeetara begira. UPN eta PP elkarrekin Kongresura; UPNk, PPk eta Voxek akordioa Senaturako... Nola ikusten duzu bloke hori?
Ikusi dugu nola UPNk hasieran esaten zuen PPk umiliatzen zuela, krisi-momentuan egon zirenean, eta nola pasatu diren orain koalizioan elkarrekin joatera, gainera, Sayas transfugarekin. Hor ikusten dugu zein printzipio dituen UPNk eta non jartzen duen garrantzia.
Gero, beste pauso handi bat eman dute Senatuan, Vox alderdia ere sartu baita ekuazio horretan. Ikusi dugu UPN, PP eta Voxen taldearen pieza txiki bat besterik ez dela.
PSNk Fronte Zabalarekin Senaturako koalizioa lotu du. Zergatik Senaturako bai eta Kongresurako ez?
Senatuan sistema berezi bat ematen da: gehiengozko sistema. Eta hori azaldu behar da, hor ikusten baita zergatik joan garen Senatuan Fronte Zabalarekin, eta ez Kongresuan. Senatuan, lehenengo alderdiak lau ordezkaritatik hiru bereganatzen ditu, eta ezkerreko botoak elkartu ditugu botorik ez galtzeko.
Zergatik esan zion PSNk ezetz Geroa Bairen koalizio-proposamenari?
Gure akordioa Fronte Zabalarekin da. Errespetatzen dugu Geroa Bai sartu ez izana, eta gu ez gara hasiko beste alderdi progresistei kritikak egiten, badakigulako nor dagoen gure aurrean: eskuinaren gobernu-aukera.
Baina, inkesten arabera, aukera bakarra dago eskuinari eta eskuin muturrari diputaturen bat kentzeko: koalizio handiago bat sortzea.
Kongresuko errealitatea ezberdina da. Alderdi Sozialista da Nafarroako lehen ezker-alderdia. Horregatik esaten dut inportantea dela Alderdi Sozialistaren ezkerrean dauden alderdiak elkartu izana. Geroa Bai ez da hor sartu.
Eta zer moduz daude harremanak Geroa Bairekin?
Alderdi ezberdinak gara, eta normala da momentu batzuetan ezberdintasunak egotea. Garrantzitsuena da Gobernuan gauden hiru alderdiok lan paregabea egiten ari garela jendearen alde eta politika sozialen alde.
Aurrekoan, zuen zerrendaburuari, Elma Saizi, galdetu zioten ea EH Bildu bazkide fidagarria zen, eta ez zen gehiegi luzatu erantzunean. Zure ustez, EH Bildu bazkide fidagarria da?
Nik uste dut konfiantza dagoela. Urte hauetan egin ditugun akordioek eta moduek elkarrekiko konfiantza babesten dute. Hori da garrantzitsuena: konfiantza horri eustea.
Zenbait inkestaren arabera, maiatzeko hauteskundeetan oso parean ibiliko zarete, eta sorpasso-aren aukera ere planteatu du inkestaren batek. Horrek zailduko luke harremana eta Foru Gobernuaren formula honekin aurrera jarraitu ahal izatea?
Ez daukagu beldurrik inkesta horiei. Hori maiatzeko kontua izango da, eta eztabaidatzeko aukera izango dugu. Baina nik uste dut Nafarroako gizarteak Chivite presidenteak egiten duen lana babesten duela, eta hori maiatzean ikusiko dela. Lehenengo hauteskundeak datorren 29an dauzkagu, eta maiatza etorriko da.
Parlamentuaren ordezkaria zara Euskararen Nafar Kontseiluan; ezin dugu euskararen afera, hizkuntza-politikarena, aipatu gabe utzi. Legealdi honetan, zertan egin du Gobernuak aurrera, PSNren eskutik, hizkuntza-politikaren alorrean?
Aurrekontuak igo dira, eta ikusi dugu euskara departamentu ezberdinetako programazioetan ere sartu dela, inkestetan, azterlanetan edo analisietan. Chiviteren gobernuarekin euskarak aurrerapauso handiak eman dituela errealitate bat da. Hezkuntza-arloan, badakit oso kritikatua izan dela Hezkuntza kontseilaria, baina errealitatea da hezkuntzan ere aurrerapausoak egin direla.
Aurrerapausoak egin, egin dira, baina trabak ere jarri dira…
Hezkuntza-arloan euskara esaten denean, guztiok hasten gara pixka bat lekua bilatzen, ezta? Datuekin egin behar da aurrera, ez bakarrik leloekin edo pankartekin; gero, errealitate hori materializatu egin behar da, eta hori ez da egun batetik bestera egiten. Baina poliki-poliki pausoak ematen ari dira, eta pauso garrantzitsuak.
Euskararen dekretua hor dago, ezta? Legearen araberako eremu ez-euskaldunean, meritua da ingelesa, alemana edo frantsesa jakitea, baina euskara ez. Nola liteke hori? Nafarroako euskaldun batentzat oso zaila da hori ulertzea.
Gure aldetik, jakina da: guk errealitate soziolinguistikoa errespetatzen dugu. Uste dugu euskararen arloan guztiok dugula lan asko egiteko aukera, adibidez, arnasguneetan edo beste politika batzuk eginez, eta bilatu behar dugu non dugun elkartzeko aukera.
Santos Cerdán jauna eta Santos Cerdánen auzia. Zertan geratuko da?
Ikusiko dugu. Justizia errespetatzen dugu. Baina jendeak badaki Alderdi Sozialistak kasu hauetan nola jokatzen duen: gaizki egiten duena alderditik kanpo geratzen da, eta hori ez da alderdi guztietan egiten.
Cerdánek esku hartu zuen Nafarroako Gobernua osatzeko formularekin. Etorkizunean, koalizio-apustu estrategiko horri eutsiko al diote PSNk eta PSOEk?
Bai. Akordioak PSNk eta beste alderdiek egiten dituzte, ez pertsona bakar batek. Orduan, gure formula da gobernu honen formulari eustea. Santos Cerdán ez dago alderdian, baina beste jende bat dago, eta formula honekin jarraitu nahi dugu.
Etxebizitza izaten ari da kanpainako beste ardatzetako bat. Zer egin da gaizki eta zer egin daiteke hemendik aurrera?
Autokritika egin behar dugu, hori egia da, eta egun hauetako eskaerak ikusi ditugu. Baina Nafarroan askoz aurrerago goaz Espainiako beste autonomia-erkidego batzuekin alderatuta. Ez da egia zortzi urte hauetan ezer egin ez denik: zortzi urte hauetan Estatuko lehen etxebizitza-legea egin da. Gero, beste neurri batzuk ere eraman dira bozkatzera, baina ikusi dugu Kongresuan badirela horien kontra bozkatu duten alderdiak, eta hori da errealitatea.
Minutu bat daukazu botoa eskatzeko.
Nik jendeari itxaropenez bozkatzeko eskatzen diot. Pentsa dezala ikasketa-beketan, pentsioetan eta soldata duinagoa duten pertsonengan, eta hori guztia kontuan har dezala dendetan, okindegian... Gobernu ezkertiar bat behar dugu, Nafarroako aniztasuna ere ulertuko duen gobernua.