Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa abiada bizian doa, finala hortzimugan atzematen dugu dagoeneko, aulkiak nork beteko dituen irudikatzen hasiak gara. Baina ez gaitezen aurreratu, oraindik ere finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioak gelditzen dira finaleko zortzikotea zein izanen den argitzeko. Aintzinera begira ez, atzera begira jarri gara, joandako larunbatean Miarritzen jokatu zen saioari errepasoa egiteko, Xabi Maia kolaboratzailearekin.
Saioak bazituen ederra izateko osagai asko, eta espektatibak bete ziren, beste behin. Aretoa lepo bete zuten 1250 zaleek bertso ale ederrak entzuteko parada izan zuten, oholtza gaineko sei bertsolarien eskutik: Maddi Ane Txoperena, Andoni Rekondo, Maddalen Arzallus, Julio Soto, Oier Etxeberria eta Sustrai Colina. Nafar ordezkari bakarra, eta hark eraman zuen garaipena. Sotok bere hoberena erakutsi zuen Miarritzen eta epaileek puntuazio altuarekin saritu zuten haren lana. 733,5 punturekin, sailkapen orokorreko hirugarren postuan kokatu da gorritiarra, Amets Arzallusen eta Nerea Ibarzabalen ondotik, eta finalera iristeko bidea nabarmen zabaldu zaio. Nahiz eta Maiak berak azpimarratu bezala, oraindik ez dagoen ezer idatzita. Donostia izanen du hurrengo agertoki Sotok larunbat honetan, eta hor ziurtatu beharko du aulkia.
Miarritzeko saioaren ostean, erabakita geratu da zeintzuk kantatuko duten finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioetan. Lehenengo itzuliko saio bakoitzeko lau irabazleak zuzenean pasatu dira hurrengo fasera; irabazleez gain, puntu gehien batzea lortu duten hurrengo 14 bertsolariak ere igaro dira bigarren itzulila. Hain zuzen, bi itzuli ditu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurreko faseak: lehenengo itzulia (jokatu diren lau saioak) eta bigarren itzulia (jokatzeke dauden hirurak).
Horrela geratu dira finalaurrekoen bigarrengo itzuliko saioak osatuta:
Azaroak 21, Donostia
Ander Aranburu Arriola izango da saioko gai-emailea.
- Agin Laburu Rezola
- Aitor Mendiluze Gonzalez
- Aner Peritz Manterola
- Joanes Illarregi Marzol
- Julio Soto Ezkurdia
- Saioa Alkaiza Guallar
Azaroak 28, Gasteiz
Lierni Altuna Ugarte izango da saioko gai-emailea.
- Aitor Bizkarra Ruiz
- Ane Labaka Mayoz
- Beñat Gaztelumendi Arandia
- Maddi Ane Txoperena Iribarren
- Nerea Ibarzabal Salegi
- Sustrai Colina Acordarrementeria
Abenduak 5, Bilbo
Beñat Vidal Gurrutxaga izango da saioko gai-emailea.
- Alaia Martin Etxebeste
- Amets Arzallus Antia
- Miren Artetxe Sarasola
- Nerea Elustondo Plazaola
- Oihana Iguaran Barandiaran
- Xabat Illarregi Marzol
Finalaurreko guztiak amaitzean, bi itzulitako puntuazioak gehitu egingo dira eta finalaurrekoetatik puntuazio gehien lortu duten zazpi bertsolari igaroko dira finalera.