Zientzia ikerkuntzaren alorrean, maiz, zailena ez da zerbait azaltzea; laburki, zehatz eta argi azaltzea baizik. Eta horixe da hain zuzen ere Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bi urtez behin antolatzen duen Txiotesia Lehiaketak parte-hartzaileei luzatu dien erronka. Zortzigarren edizioa etzi eginen da, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara, eta lehiakideek hainbat sare sozialen bitartez parte hartu ahal izanen dute: Artizarra, Mastodon, Instagram, Bluesky edo Linkedin.
Txiotesia euskal ikertzaile gazteen lanak gizarteratzeko eta haiei izen-abizenak jartzeko UEUk 2013az geroztik bi urterik behin antolatzen duen lehiaketa da, Idoia Torregarai UEUko komunikazio arduradunak argitu moduan, "ikertzaile gazteen sarea sendotzea eta zientziaren dibulgazioa euskaraz sustatzea" helburu dituena. Lehiaketaren edizio berriak bi nobedade nagusi dakartza: alde batetik, X ez den beste sare sozialetan parte hartu ahal izango da. "Orain arte X-n ere parte hartu zitekeen, baina kanpo uztea erabaki dugu". Bestalde, idatziz bakarrik ez, eta bideoz ere parte hartu ahal izanen da lehenengoz. Modalitate bakoitzaren arauak desberdinak dira. Idatziz parte hartuz gero, testuak gehienez 1.500 karaktere izanen ditu eta #txiotesia8 traola eraman beharko du; bideoaren kasuan, aldiz, minutu eta erdiko iraupena izanen du gehienez.
Xehetasun eta arau guztiak UEU-ren webgunean aurkitu daitezke.