Maiatzaren 15ean argitaratu zen Cocanha taldearen Flame Folclòre diskoa, Les Disques Bongo Joe diskoetxearen eskutik. Caroline Dufau eta Lila Fraysse abeslari eta perkusionistek osatzen dute Okzitaniako Tolosako bikotea. Polifonia hipnotikoa eta erritmo tradizionalak uztartzen dituzte, hala nola bourrée dantza, sokazko danbolinak eta esquilons izeneko ezkila okzitaniarrak erabiliz. Okzitanieraren biziberritze kulturala eta politikoa aldarrikatzen dute, baita feminismoa ere. Abesti tradizionalak berrinterpretatzen dituzte, askotan jatorrizko letra matxistak kenduz eta konposizio berriak gehituz.