Nafarroako Unibertsitate Publikotik bertaratu da Ainhoa Mendiluze Etxebizitza Sindikatuko kidea, eta bertan grebak jarraipena izan duela atzeman du: “Oso irakasle eta ikasle gutxi ikusi ditugu bertan, seinale oso ona da”. Grebaren lanketa auzoz-auzo eta herriz-herri egin du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak aurreko asteotan. Mezuari dagokionez, erradikalizaziora jo du sindikatuak, hiru gako nabarmenduz, Mendiluzek nabarmendu bezala: “Espekulatzaileen espropiazioa, jardun espekulatzaile ororen debekua eta behar sozialen araberako etxebizitza politika egitea, langile bezala instituzioetatik kanpo antolatuz”.
Hartara, greba eguna “langileen interesak erdigunean jartzeko” eta “ardura politiko guztiak seinalatzeko” tresna gisa ikusi du Etxebizitza Sindikatuak. Azken urteotan sindikatutik salatu diren etxegabetzeak “izebergaren punta” besterik ez direla adierazi du Mendiluzek. Maizterren artean beren eskubideen inguruko ezezagutza handia dagoela etxejabeek, bere naldetik, inpunitate osoa daukatela salatu du. Alde horretatik, “Sindikatua autodefensarako tresna bat da, abusuzko praktikak saihesteko”.