Banketxeei begirako protestak antolatu ditu gaurko egunean LAB sindikatuak batez ere. Sindikatuko kide Jaime Iribarrenen hitzetan, izan ere, etxebizitzarekin egiten ari den espekulazioan rol garrantzitsua jokatzen ari dira. "Alokairuzko parke pribatuan, adibidez, ADANIA izeneko enpresa da La Caixako enpresa akziodun nagusia", adierazi digu La Caixako egoitzaren aurrean. Nafarroako Gobernuak funts putreei desjabetze publikoaren bitartez ekin beharko liokeela uste du: " Ez dago beste biderik. Ez da zuzena bi aldiz ordaintzea etxebizitza horiek. Funts putreen esku dauden etxebizitzak, etxebizitza babestuak izan ziren bere garaian eta horrek esan nahi du Administrazio Publikoak eta Nafarroan guztion diruarekin ordaindutako etxebizitzak direla".
Aberastasunaren banaketaren inguruan, etxebizitzaren auzia "gakoa" dela azpimarratu du Iribarrenek: "Argi dago arrakala nagusia soldatetan dagoela eta horregatik urte hasieran gutxieneko soldataren aldeko greba bat antolatu genuen. Bestetik, begibistakoa da etxebizitza dela momentu honetan, arrakala horretan sakontzeko faktore nagusia lantegietatik kanpo. Horregatik gure ustez halabeharrez ekintza sindikala antolatu behar da lantegietan eta lantegietatik kanpo".