Irakurtzea bakarka egiten den jarduera bat den arren, taldean konpartitu daiteke, kolektibo bilakatu. Halaxe egiten dute irakurketa klubetan parte hartzen dutenek. Urtetik urtera, gero eta gehiago dira Nafarroako geografiaren luze-zabalean aurkitu ditzakegun irakurketa taldeak. Orotara 300 talde baino gehiago zerrendatu ditu Nafarroako Liburutegi Publikoen erregistroak, horietako 49 euskaraz, “batere gaizki ez dagoen zifra bat”, irakurle taldeetako dinamizatzaile Ines Castiellaren arabera. Liburutegi Publikoen Sareak antolatuta, larunbat honetan Nafarroako Irakurketa Kluben XIV. Topaketa abiatuko da, euskarazko taldeak protagonista izanen dituena lehenengo jardunaldian.
Nafarroako Liburutegi Publikoko areto nagusian izanen da enkontrua, “irakurleen arteko sarea indartzea, elkartzea eta ospatzea” helburu izanen dituena. Egitaraua Mari Jose Olaziregik Karmele Jaio idazleari eginen dion elkarrizketa batekin abiatuko da 11:00etan, non egile gasteiztarraren ibilbide literarioaren gako nagusiak azpimarratuko diren. "Nire sorkuntzaren gako eta kezka nagusiei erreparatuko diegu", argitu digu idazleak berak. Eta zeintzuk dira idazlearen eleberriak zeharkatu dituzten kezka horiek? "Batez ere", kontatu digu, "esan gabeko hitzak izan dira nire obraren kezka nagusia. Horretaz gain, baita intimoa eta sozialaren arteko lotura ere". Solasaldiaren ondoren, irakurketa eszenara eramango da, Jaioren Maitasun kapitala azken eleberriaren bueltan hitz egiteko. 13:30ean zizka-mizka txiki baterako tartea izanen dute parte-hartzaileek.
Edizioaren zenbakia “tranpa txiki bat” dela azpimarratu du Castiellak. Izan ere, Topaketaren hamalaugarren edizioa den arren, euskarazko irakurle taldeentzat seigarren aldia izanen da. “Egitasmoa gaztelaniazko taldeekin soilik egiten hasi zen, baina duela urte batzuk euskarazko irakurle taldeen topaketak ere antolatzen hasi ginen”. Azkeneko urteotan euskarazko irakurle taldeen kopuruan etengabean areagotu da, duela sei urte zeuden 25 taldeetatik egungo ia 50 taldeetara ailegatu arte. Kopuruan bakarrik ez, eta lurraldetasunean ere badu bere isla zifra horrek. “Tuteran, adibidez, talde bat badago”, Castiellak azpimarratu bezala, pozgarria den datua. “Maiz, egiten ez denaren kexu izaten gara, eta ikusgarritasun gutxi ematen diogu ongi egiten denari. Kasu honetan, harritu ere egin ginen topaketa antolatzerakoan, Nafarroan euskarazko zenbat irakurle talde dauden ohartu ginenean”.
Irakurritakoak kolektiboki partekatu eta komentatzeaz gain, taldeek parada eskaini dezakete egileak ezagutu eta aurrez-aurre irakurritakoaren inguruan hausnartzeko ere: “Oso aberasgarria da. Bakarka ikusten ez duzu hori taldean ikusi dezakezu, eta alderantziz, zure irakurketak, zuk interpretatu duzunak ekarpenak egiten dizkie taldeko gainerako kideei”. Hala ere, talde bakoitzaren dinamika desberdina da, taldea gidatzen duen liburuzainak erabakitzen baitu nolakotasuna.
Tailerrak eta gaztelerazko taldeen topaketa, datorren astean
Nafarroako Irakurketa Kluben Topaketak datorren astean jarraituko du aurrera, aktibitate, hitzaldi eta jarduera gehiagorekin. Hasier Larretxeak gidatuta, azaroaren 20an Barne kartografiak: memoria, isiltasuna eta egunerokotasuna aztertzeko irakurketa eta idazketa-dinamikak tailerra eskainiko da, bi saiotan: 16:00etan gaztelaniaz eta 18:30ean euskaraz.
Topaketaren bigarren jardunaldia, gaztelaniazko irakurle klubak bilduko dituena, azaroaren 21ean, larunbatean, egingo da, Musikaren Hiriko Fernando Remacha Auditorioan. Sara Barquinero idazleak parte hartuko du, eta literatura-sorkuntzari eta emakume idazle gazteen belaunaldi berriari buruz hitz egingo du Iosune de Goñi filosofo, idazle eta itzultzailearekin. Bigarren saioan, irakurle klubetako koordinatzaileek eta kideek La chica más lista que conozco liburuari buruzko iritziak partekatuko dituzte Irakurle kluba oholtza gainean saio batean. Jardunaldia aperitibo batekin amaituko da Nafarroako Liburutegian, Musikaren Hiriaren ondoko eraikinean.
Jarduera guztiak doakoak dira eta herritar guztiei zuzenduta daude, baina aldez aurretik izena eman behar da. Izen-ematea azaroaren 18ra arte egin daiteke.