Eibarreko Ipurua kiroldegia bor-borka jarri zuten larunbatean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako oholtza gainean egon ziren sei bertsolariek. Finalaurrekoa ez zen edonolakoa, abenduaren 20an Iruñean izanen den finalera iristeko hautagai sendo bat baino gehiago bildu zituen heinean, eta espektatibak altuak ziren. Presioak, alta, ez zituen bertsolariak kikildu, eta dagokien maila erakutsi zuten. Ainara Ieregi kolaboratzailearen hitzetan, "bertsolaritza klase magistrala" izan zen larunbatekoa. Haren eskutik, errepasoa egin diogu Nerea Ibarzabal garaile izan zuen bertso-saioari.
Seikotetik Nerea Ibarzabalek lortu du puntu gehien biltzea, 740. Horrela, finalaurrekoen bigarren itzulirako txartela lortu du eta Gasteizen kantatuko du azaroaren 28an. Gainontzekoek, puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoen bigarrengo itzulira sailkatzeko aukera.
Hurrengoa, Gernika-Lumon
Finalaurrekoetako hurrengo saioa azaroaren 7an izango da Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan, 17:00etan. Kantuan ariko diren bertsolariak Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola eta Joanes Illarregi Marzol izango dira. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.