Nazioarteko kontzertu biolin-jotzaile talentuduna izan zen, nahiz eta oso ospetsua ez izan, bere maitale Ezra Pound poetaren itzalpean egoteagatik. Gaurkoan, ordea, Vivaldi konpositorea, ahaztuta zegoena, ezagutzera emateagatik dakargu hona. 1895eko apirilaren 13an jaio zen Ohion, Ameriketako Estatu Batuetan, baina amak, abeslari profesionala zenak, seme-alabak ere musikan aritzea nahi zuen, eta, beraz, familia Europara etorri zen bizitzera hiru seme-alabekin, Olgak 10 urte zituenean. Lehenengo Londresera joan ziren, eta, gero, Parisera. Han Olgak garaiko biolin-jotzaile onenekin ikasi zuen.
20 urterekin, Olga izen handiko biolin-jotzailea zen, eta kontzertu ugari ematen zuen Lehen Mundu Gerrako britainiar eta frantziar bandoetarako dirua biltzeko.Gerra amaitu zenean, Ildebrando Pizzetti hartu zuen irakasle, eta horren ondoan bere nazioarteko ibilbideari ekin zion, kontzertu-biolin jotzaile gisa. Bira bat egin zuten elkarrekin, Italian zehar. Eta bira horretan ezagutu zuen Ezra Pound, bere maitale bihurtu zen poeta eta kritikari estatubatuarra, bere alaba bakarraren aita izan zena, eta bere bizitza markatu ziona.
Pixkanaka-pixkanaka, bere biolin-jotzaileren ibilbidea sendotuz joan zen, artista handiekin batera lan eginez eta munduko areto garrantzitsuenetan kontzertuak emanez. Hala ere, 1930eko hamarkadan, Depresio Handian, ia ez zioten kontzerturik eskaintzen, eta Olga Toscanako musika-institutu batean hasi zen lan egiten. Orduan, Antonio Vivaldiren lanarekin liluratuta geratu zen. Garai hartan konpositore italiarra ez zen ezaguna, bi mende baino gehiago ahaztuta zeramatzan eta. Olga, Pound maitalearekin batera, Vivaldiren partiturak aztertzen eta bere obra zabaltzen hasi zen, eta horretan jarraitu zuen bere bizitzako hurrengo urteetan, eta Vivaldiren musika publiko zabalari ezagutarazteko helburuz kontzertu batzuk antolatu zituen. Konpositorearen lana defendatu zuen, eta haren lanen katalogo bat eta artikulu bat argitaratu zituen. Galdu edo ahaztu ziren 309 kontzertu-partitura ezagutarazi zituen, eta, gainera, aitzindaria izan zen musikagilearen jatorrizko eskuizkribuak kopiatu, aztertu eta artxibatzeko mikrofilmak erabili zituelako. 1938an, Vivaldiren lanari eskainitako "Centro di Studi Vivaldiani" sortu zuen.
Lorpen horiengatik guztiengatik merezia zuen Olgak gaur gure gizalaben artean egotea, baina bere bizitza ez zen Vivaldirekin gelditu. Pelikula batekoa dirudienez, jarraituko dugu kontatzen, oso bitxia baita.
Bigarren Mundu Gerraren inguruan Poundekin zuen harremana oso finkatua zegoen. Baian ez zen bikote baten harreman arrunta, gizona ezkonduta baitzegoen. Beraz, emaztearekin partekatutako maitasun triangelu zen. Bi emakumeek gizona adoratzen omen zuten, baina biek elkar gorrotatzen omen zuten . Olga senar-emazteen etxe ondoko etxera joan zen bizitzera, eta alaba Tiroleko baserri-giroko familia batekin bizitzera bidali zuen.
Neskatoak 10 urte zituela, Olga harritu zen Tiroleko azentuarekin hitz egiten zuelako. Egoera hori konpontzen saiatu zen. Dikzio, etiketa eta musika klaseetan ari zedin saiatu zen ama, baina alabak uko egin zuen. Batzuen esanetan, Olgak alabari oparitutako biolina harrika bota zuen. Horren ondorioz, alaba Tirolen geratu zen, Olga maitalearekin Venezian bizi zen bitartean.
Gerrako urteetan hain zuzen, gorriak ikusi zituzten. Pound Mussoliniren aldekoa zen, baina Ameriketara joatea erabaki zuen gatazketan ez ibiltzeko. Emaztea berarekin joan zen. Olga, berriz, Italian geratu zen. Estatu Batuak gerran sartu ondoren, Pound eta bere emaztea atzerritar etsaiak bihurtu ziren Italian. 1943an konfiskatu zioten etxea, eta deus gabe geratu ziren. Horren eraginez, Poundarrak eta bere alaba mantendu behar zituen Olgak, eta horretarako hizkuntza eskolak eman behar izan zituen.
1945ean AEBek Italia inbaditu ondoren, Pound traidore gisa atxilotu zuten. Traizioagatiko epaiketa bat saihesteko, Poundek ero deklaratu zuen bere burua, eta ero-etxe batean sartu zuten 12 urtez. Olgak lagunengana eta literatur munduko kontaktu ugarirengana jo zuen Italiako Alderdi Faxistako kide inoiz ez zela izan frogatzeko eskaera bat antolatzeko, baina alferrik.
Nahiz eta bere gutunetan ez joateko esan, Olga bi aldiz joan zen zoroetxera. Une hartan, gizonak bisitak jasotzen zituen, ez bakarrik emaztearenak, baita beste maitale zahar batzuenak ere. Agian horregatik bihurtu ziren hotzagoak eta inpertsonalagoak bikotearen arteko gutunak, eta ia ez zen komunikaziorik izan denboraldi hartako azkeneko boladan.
Azkenik ospitaletik askatu zutenean, Europara itzuli zen Pound emaztearekin batera, eta biek Olga eta Pounden Tiroleko alabarekin hartu zuten ostatu. Pounden osasuna oso hondatuta zegoen. Uste denez, erietxean egon zen bitartean droga psikotropikoekin tratatu zuten, eta horrek etengabe eta okerrerako aldatu zuen bere nortasuna.
1962ko hasieran, deprimituta eta gaixorik, Poundek Olgaren eskuetan jartzea erabaki zuen. Geratzen zitzaion bizitza osoa berarekin pasatu zuen. Pound 85 urte zituela hil zen. Hil ondoren, Olgak bere dokumentu eta objektu pertsonalen artxibo zabala eskuratu zuen.
Olgak 77 urte zituen bere maitalea hil zenean. Une horretan, Veneziako figurarik nabarmenetakoa bihurtu zen, burutsua, adimentsua eta kultua. Hiriko ongintzako ekitaldiak eta galak antolatzen zituzten batzorde askotan parte hartu zuen. Ezinbesteko gonbidatua zen Veneziako "dolce vita"aren bilera ugarietan. Askotan eskatu zioten autobiografia bat idazteko, baina berak beti erantzuten zuen: "Idatz ezazue Poundi buruz". Bere helburua Pounden obra sustatzea eta haren ospea defendatzea zen.
Baina alabak, bai, idatzi zuen autobiografia bat, eta liburuan agertzen ziren errebelazioek Olga biziki mindu zuten, eta alabarekin hitz egiteari utzi zion, nahiz eta bere bilobekin harreman erregularra izan. Olgak hogeita lau urte iraun zuen bizirik Pound hil zenez geroztik. Bere azken urteetan, asmo ilunen bat zuten pertsonen inguratua ibili zen, eta horrek erabateko hondamen-arriskuan jarri zuen. Azkenik, alabak erreskatatu behar izan zuen, haien tirabirak gorabehera.
Bere osasun delikatuak Venezia uztera behartu zuen, eta bere azken egunak alabarekin igarotzera. 100 urte zituela hil zen, eta Pounden ondoan lurperatuta dago Veneziako Isola di San Michele hilerrian.