Zer ezkutatzen da 'Cabaret' filmaren musika eta ikuskizunaren atzean? Nerea Perez de Ibarrola, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia irakasleak, eta Lisabe Velasco, historialariak, filmaren testuinguru historikoa aztertu dute. Weimarreko Errepublikaren garaiko loratze kulturala, emakumeen eta LGBT komunitatearen eskubideen aldeko aldaketak eta, aldi berean, faxismoaren gorakada izan dituzte hizpide.
Kabaretaren mundua askatasun artistikoaren eta ihesaren espazio gisa agertzen da filmean baina, aurrera egin ahala, espazio horretan ere nazismoaren presentzia gero eta nabarmenagoa izango da. Gizarte osoa aldatzen ari da, eta kabareta ere ez da kanpoan geratzen. Solasaldian, faxismoak hedatzeko erabiltzen dituen trikimailuak, gizartearen erreakzioak eta apatia politikoaren arriskuak landu dituzte.