Argitaletxe batek hamar urteko bidea egitea, gaur egun, bada lorpen bat bere horretan. Are gehiago argitalpenen artean euskarazko liburuak eta liburu politikoak ere plazaratzen dituenean. Katakrak argitaletxeak hamarkada bat betetzeak ospatzea merezi zuen, eta hala erabaki dute bere arduradunek, Aitziber Jimenez de Aberasturik azpimarratu bezala. Heldu den asteartetik larunbatera bitartean, azaroaren 3tik 7ra, 'Suteak pizteko oharrak' izenburupean sei mahai-inguru, kontzertu bat eta afari zein bazkari antolatu dituzte. Solasaldietarako sarrera irekia da eta ostiraleko afarirako zein larunbateko bazkarirako txartelak dagoeneko eskuragarri daude Katakrakeko Kantinan bertan.
Egitarauari asteartean, azaroaren 3an emanen zaio irekiera, egun euskaraz argitaratzen duten argitaletxeetako hiru bilduko dituen mahai-inguru batekin: Zenbat historia, hainbat galdera. Euskaraz argitaratzea XXI. mendean' izenburupean, Conssoni argitaletxeko Maria Mur Dean, Elkarreko Itzea Urkizu eta Katakrakeko Hedoi Etxarte arituko dira elkarrizketan, bakoitza bere esperientzia eta bizipenetatik. Hurrengo egunean, asteazkenarekin, hirigintza kritikoari eginen zaio tartea. Hartara, Itsaso Larramendi urbanista, Pablo Carmona etxebizitzan aditua eta Maria Urmeneta arkitektu iruindarra bilduko dira mahaiaren bueltan, egungo auzi nagusienetako bat denaren inguruan solastatzeko.
Ostegunean atseden hartu ondoren, ostiralean beste mahai-inguru batekin emanen zaio jarraipena jardunaldiari. Irakurle taldeak izanen dira protagonista egun horretan. Pospolo kaxa bat mesanotxean izenburupean, Iban Zaldua idazlea, Aratz Fernandez de Pinedo eta Asun Agiriano azken urteotan indartzera jo duen eta hausnarketa kolektiboari ateak ireki dizkion fenomenoaren bueltan arituko dira, Itziar Diez de Ultzurrunek gidatuta. Egunari akabera emateko, afaria izanen da Katakraken.
Larunbatean goiz eta arratsaldeko egitaraua egonen da. Egunari hasiera emateko, goizeko 11:00etan feminismoak gaur egun dituen erronkak zehazten saiatuko dira Itziar Ziga, June Fernandez eta Flavia Navarrete, Dar forma a la radicalidad del conflicto. ¿Qué feminismo, para qué mundo? izenburupean. 12:30ean, aldiz, liburu politikoa izanen dute solasgai Verso argitaletxeko Simón Vazquezek, Traficantes de sueños-eko Emmanuel Rodriguezek eta Katakrakeko Nerea Fillatek. Bazkariaren ondotik, arratsaldea musikarena izango da. 17:30ean, Ion Celestino, Claudia Rodriguez eta Beñat Rodrigo Kiliki izanen dira hizlariak Nahi zaitut dantzan ikusi. Musikak luze dirau Euskal Herrian mahai-inguruan. Egunari eta jardunaldiari Mateo Zikutaren kontzertuarekin emanen zaio itxiera.