Entzutekoak

Lehia, koxka bat estuago

Euskalerria Irratia

Puntuetan eta intentsitatean gora egin du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak hurrengo fasean sartu ahala. Larraun-Lekunberrin izan zen lehenengo finalaurrekoa joandako larunbatean. Xabi Maia kolaboratzailearekin errepasoa egin diogu Amets Arzallus garaile izan zuen saioari

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa gori-gori dabil, dagoeneko lehiaren hurrengo fasean sartu da. Nafarroan izan zuten beren lehenengo geltokia finalaurrekoek, lepo bete zen Larraun-Lekunberriko Plazaola entzunaretoan. Saioak bazituen osagai berezi batzuk. Alde batetik, duela lau urteko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean aritu ziren bi bertsolariren lehenengo saioa zelako: Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi. Eta bestetik, Nafarroan txapela jantzitako bi ere bazeudelako oholtza horretan: Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi. Gorka Pagonabarragak eta Xabat Galletebeitiak osatu zuten oholtzako seikotea, eta bakoitzak utzi zuen beretik. Azkenean, Arzallusek eraman zuen garaipena eta finalaurrekoen bigarren itzulirako pase zuzena; eta Gaztelumendik egin zuen bigarren. Alkaizak eta Illarregik, hirugarren eta laugarren postuak eskuratu zituzten, hurrenez hurren. 

Saioari errepasoa egin diogu Xabi Maia kolaboratzailearekin, eta saioko bertsoaldi onenak berriz entzuteko parada ere izan dugu. Arzallus zuzenean sailkatu da finalaurrekoen bigarren itzulira eta Bilbo izanen du hurrengo oholtza. Gainontzeko bertsolariek, Alkaiza eta Illarregi barne, puntuazioak nola doazen ikusi beharko dute lehian aurrera jarraitzen duten ikusteko. Oraingoz, aukera guztiak daude zabalik. 

Eibarko saiorako sarrera guztiak agortu dira

Badator Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa ere. Urriak 31n, larunbatean jokatuko da finalaurrekoen lehenengo bueltako bigarren saioa, Eibarko Ipurua kiroldegian, 17:00etan hasita. Igotz Alkorta Irastorza gai-emailearekin batera, sei bertolari hauek igoko dira oholtzara:

  • Alaia Martin Etxebeste
  • Asier Azpiroz Iztueta
  • Nerea Elustondo Plazaola
  • Nerea Ibarzabal Salegi
  • Miren Artetxe Sarasola
  • Oihana Iguaran Barandiaran

Larunbateko saioa 17:00tan hasiko da. Hala ere, Eibarko saioko sarrera guztiak amaitu dira; sarrerarik gabe geratu direnek aukera izango dute Bertsoa.eus-en, ETB 2 ON katean eta ETB ON plataforman zuzenean ikusteko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!