Aitaren bat-bateko heriotzaren ondoren, Carrie institutu publikoko ekosistema bihozgabera iritsi da. Komunitate osoa astintzen duen ziberjazarpen-eskandalu bati aurre egin beharko dio, eta ez horri bakarrik, baita etengabeko presioari eta sare sozialen aroaren ankerkeriari ere. Botere telekinetikoak, alta, bere alde izanen ditu Carriek. Maria Castejonekin telesailari errepasoa egin diogu, ohikoa dugun moduan, ikuspegi feministatik. Gau beltza girotze aldera, hainbat telesail eta film gomendio ere utzi dizkigu zinema kritikariak.
Bigarren Solairuan, izan ere, zinema eta telesailak gustatzen zaizkigu, eta gogotsu geunden plataformetan egosten ari denari erreparatzeko, betiere ikuspegi kritiko eta feminista batetik. Izan ere, jakin badakigu fikzioak funtzio bikoitza betetzen duela. Bada leiho eta bada ispilu. Leiho, bertatik ikuskatzen baititugu erreferente izan daitezkeen ereduak. Ispilu, gure gizartearen beraren isla ere badirelako, gure burua erreparatzeko modu bat badirelako. Telesailei begirada kritikoarekin erreparatzeko ireki dugu Genero fotogramak, Maria Castejonek gidatuko duen hileroko sekzioa.