Entzutekoak

Garazi Arrula: "Dakigun hori beti izanen da kamutsa eta partziala"

Euskalerria Irratia

Pertsonaia bakoitzak gertakari zehatz baten bueltan dakiena josita eraiki du Garazi Arrulak bere lehenengo eleberria edo, zehatzago izanda, kronika fikzionatua. 'Dakigun hori' liburuan, neska gazte arrunt bat komunitate sektario batean sartzearen arrazoiak ulertzen saiatzen da Idazlea, letra larriz idatzitako figura metaliterarioa

Komunitate sektario bat ardatz hartuta, bestelako gaiak ditu aipu Garazi Arrularen lehenengo lan luzeak, Dakigun hori izenburupean. Ipuin formatua motz gelditu eta kronika fikzionatuaren soinekoa jarri dio kontakizunari, egileak berak argitu moduan, militantziaz, gizarte egiturez, botere dinamiketaz eta erabakimenaz mintzatzeko. "Inork ez dezala pentsatu sekten inguruko eleberri bat dela, ez delako hala". Kontakizunak Idoiaren bizitzaren aztarnak jasotzen ditu, komunitate sektario batean sartzera eraman duten arrazoien bila. "Nire abiapuntua beti izan ohi da buruan darabilten kezka bat, eta kasu honetan hori zen galdera: nola bukatu dezake neska arrunt batek, edozein izan daitekeen neska arrunt batek, komunitate sektario batean sartzen?".

Erantzun horren peskisan jorratu ditu kontakizunaren muinean dauden bestelako gaiak, Idoiaren inguruan dauden beste pertsonaien bertsio, iritzi eta erabakiak berreskuratuz bakarrik ez, eta eleberriko beste pertsonaia baten gisan liburua osatzen duen Idazlearen ekarpenekin uztartuz. "Iratxe Retolazak jarri zion kronika fikzionatuaren etiketa liburuari", azpimarratu du egileak. Izan ere, alde narratiboa datu eta informazio objektiboa ere ekartzen duen atalekin uztartzen doa liburuan aurrera egin ahala, konposizio osoa eratuz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!