Mundu mailan sona handiena duten sariak direla erraten badugu, ez gara oker ibiliko. Nobel sariek zientzia eta artearen alor eta diziplina askotarikoetan garatu diren aurkikuntza, proiektu eta lanak saritzen ditu. Maite Solas neurozientzialariarekin aurtengo Medikuntza, Fisika eta Kimika saridunei errepasoa egin diegu Bigarren Solairuko Zientzia Uhinak atalean. "Hiru Nobel sariek ideia komun bat erakusten digute: zientzian aurrera egiteko, batzuetan, lehen ikertzeko zailak ziren fenomenoak behatzeko edo kontrolatzeko modu berri bat aurkitu behar dugu. Medikuntzan, neuronen jarduera; Fisikan, ia ikusezinak diren partikulak; eta Kimikan, molekulen hiru dimentsioko forma. Eta beste gauza bat ere erakusten dute: oinarrizko ikerketak, hasieran ezagutza sortzea helburu duenak, tresna oso baliagarriak ekar ditzakeela medikuntzarako, teknologiarako eta unibertsoa ulertzeko".
Argi gelditu dena, bidenabar, Nobel saridunen artean dagoen gizonen nagusitasuna da. Zientzia-arloetan dagoen aldea bereziki deigarria da: Fisikako sarituen artean, emakumeak % 2 inguru baino ez dira, eta Kimikan % 4 inguru. Medikuntzan emakumeen presentzia handiagoa bada ere, oraindik gutxiengo argia dira. "Desberdintasun horrek ez du esan nahi emakumeek gaitasun zientifiko txikiagoa izan dutenik. Nobel sariek zientziaren historiako beste desberdintasun batzuk ere islatzen dituzte: nork izan duen goi-mailako hezkuntzarako sarbidea, nork zuzendu ahal izan dituen laborategiak, nork lortu duen finantzaketa eta nork jaso duen komunitate zientifikoaren aitortza".