Entzutekoak

Agur, Tinder... Kaixo, Topa!

Euskalerria Irratia

Pantailen hoztasuna baztertu eta jendea ezagutu eta elkar konektatzeko topaguneak sortu ditu Itsaso Bakedano sexologoak. Oraingoz 'Topa!' afari bakar bat egin duen arren, izandako harrera ona ikusita, laster gehiago antolatuko ditu. 

Topa! elkartzeko plazerra berreskuratzeko gogoetatik sortu dela adierazi digu Itsaso Bakedano sexologoak Itsasoren txokoa atalean. "Mezu, jakinarazpen, profil, argazki eta konexio-aukerez inguratuta bizi gara. Kilometrotara dagoen norbaitekin hitz egin dezakegu segundo gutxi batzuetan, eta, aldi berean, sentitu dezakegu gero eta zailagoa dela elkar lasai eta aurreikuspegirik gabe ezagutzeko espazioak aurkitzea". Mahai baten inguruan eseri, elkarrekin egon, elkarrizketa bat partekatu, zerbait berria probatu, ezagutu berri dugun norbaitekin hitz egin edo ordura arte ezezagunak ziren pertsonekin barre egin. Hori da Bakedanok proposatzen duen topagunea. "Izan ere, aurrez aurre gaudenean, profil batean sartzen ez diren gauzak gertatzen dira: begirada bat, barre bat, ezusteko elkarrizketa bat, konplizitate bat, isiltasun eroso bat...".

Hala, Topa! pertsonen arteko topaguneak sortzeko egitasmoa da, "presarik gabe eta jakin-minez egoteko espazio txikiak, gorputza, denbora eta presentzia erdigunean jarriz". "Pantailetatik ateratzeko, esperientziak partekatzeko eta gure zirkuluak leku hurbil, zaindu eta errespetuzko batetik zabaltzeko proposamen desberdinak. Espazio horietan ez da beharrezkoa helburu jakin batekin etortzea, nor ezagutuko dugun jakitea, profil perfektua izatea, zer esan behar den jakitea edo helbururen bat betetzea".

Egitasmoak forma desberdinak hartuko ditu, nahiz eta lehenengo esperientzia afari formatuan egin den. "Elkartu, mahai baten inguruan bildu, afaldu eta tarte goxoa pasatzean" oinarritu da lehenengo esperientzia hau eta Bakedanok baieztatu bezala, arrakastatsua izan da, bai izena eman duten pertsona kopuruarengatik, baita bertan sortu diren loturengatik ere. Laster gehiago egingo dituela azpimarratu digu. Izena emateko, Itsaso Bakedanoren sare-sozialen edo webgunean agertzen den kontaktu bideen bitartez egin daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!