Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak aurrera jarraitzen du abiada bizian, Iruñeko finala helmuga. Asteburuan jokatu ziren finalaurrekoen fasea marraztu duten azken bi saioak, eta interesa bazegoela argi dago, sarrera guztiak agortuta lepo bete baitziren bi saioak. Gotaine-Iribarnen Xabat Illarregi nagusitu zen eta Aguraingo saioan Nerea Elustondok eskuratu zuen hurrengo faserako pase zuzena. Bi saioek zer aipatua utzi zuten, eta halaxe egin dugu Mikel Lasarterekin batera.
Asteburuaren ostean, erabakita geratu da zeintzuk kantatuko duten finalaurrekoen lehenengo itzuliko lau saioetan. Lehenengo faseko saio bakoitzeko 7 irabazleak zuzenean pasatu dira hurrengo fasera; irabazleez gain, puntu gehien batzea lortu duten hurrengo 10 bertsolariak ere igaro dira finalaurrekoetara. Nafarroako bertsolarietatik lauk lortu dute txapelketaren bigarren fase honetara igarotzea: Saioa Alkaiza, Julio Soto, Xabat Illarregi eta Joanes Illarregi. Lehenengo hiruak egokitu zaizkien saioetan irabazita igaro dira finalaurrekoetara, eta Joanes Illarregik bere aulkia ziurtatuta zuen duela lau urteko finalean egon zelako.
Orotara 24 bertsolari lehiatuko dira finalaurrekoetako lehenengo itzulian: izena eman duten 2022ko zazpi finalista eta lehenengo faseko saioetatik sailkatu diren 17 bertsolari. Hurrengo lau saioak, Larraun-Lekunberrin, Eibarren, Miarritzen eta Gernika-Lumon jokatuko dira.