Entzutekoak

Lola Montez, baimenik eskatu ez zuen emakumea

Euskalerria Irratia

Gizalabak sekzioaren atal berrian, Bakarne Atxukarrok bere garaiko arau guztiak apurtu zituen emakume bat ekarri digu: Lola Montez edo, bere jaiotzeko izena berreskuratuz, Elizabeth Rosanna Gilbert

Lola Montez dantzari espainiarraren bizitza kontatuko dugu gaur Gizalabak atalean. Ez dantzari ez espainola ez zena, bestalde. Luis I.a erregearen, besteak beste, maitalea izan zena, eta Landsfeldeko kondesa izatera iritsi zena. Lola Irlandan jaio zen. Elizabeth Rosanna Gilbert izena jarri zioten, 1821eko otsailaren 17an jaio zenean. Haurtzaroa Kalkutan eman zuen, aita ofiziala zelako, eta han egiten zuelako lan. Baina bat-batean hil zitzaionean, haurra Eskoziara bidali zuten.

Garai hartan ohikoa zen bezala, amak senar on bat bilatu zion. Epaile bat, neska baino askoz zaharragoa zena. Hori ikusita Lola familiako lagun batekin ezkondu, eta Indiara ihes egin zuen. Horrek etxetik irteteko balio zion, baina ez finkatzeko, oso aspergarria egiten baitzitzaion ezkonduta egotea. Horren ondorioz, bost urte pasata, Londresera bueltatu zen berriro, baina  ezkutuan. Dantzari gisa trebatzen hasi zen, eta nortasun berri bat sortu zuen inork ezagut ez zezan. Lehenik, Maria Dolores de Porris eta Montez bezala, eta, gero, sinpleago, Lola Montez izenpean.

Orduan, bere burua dantzari espainiar gisa aurkezten hasi zen. Bere itxura fisiko exotikoa aprobetxatzen zuen: begi urdin handiak eta ezpain lodiak, azal iluna eta ile beltza baino beltzagoa. Erresuma Batuko emakume gehienek zuten itxuraren guztiz kontrakoa, alegia. Horri esker bidea egin zuen, ez dantzarako trebetasunik, kantatzeko ahots bikainik edo oholtzarako talentu handirik izateagatik. Izan ere, “tarantularen dantza”-rekin iritsi zitzaion ospea. Dantza horretan neskak arropa kentzen zuen, arropen artean armiarma bat zuela eta  akabatu egin nahi zuela irudikatzen zuen bitartean.

Dena ondo zihoan, eta bere ospea handituz zihoan, ikuskizuna Covent Gardenera iritsi zen arte. Han, pertsona batek ezagutu zuen, irainka hasi zitzaion, eta agertokitik jaistera behartu zuten. Horren ondoren, hutsetik hasi zen berriro. Parisera joan zen lehenik, eta han bi urte baino ez zituen pasa, beste eskandalu bat sortu baitzuen bularra airean ateratzeagatik eszenatokira. 

Baina hori gertatu baino lehen, Alexandre Dumas idazlearen maitalea izan zen, Franz Liszt pianistarena, eta Alexandre Henri Dujarier kazetariarena. Bistan dago denborarik ez zuela galdu. Paristik Munichera joan zen, garai hartan Bavariako erresumakoa zena. Berehala Luis I.a erregearen maitalea izatera heldu zen. Errege hori bere dantzarekin liluraturik geratu zen, eta kontratu handi bat egitera behartu zuen hiriburuko antzokirik onena. Aldi berean, jauregi bat eman zion, eta Landsfeldeko kondesa izendatu zuen.

Baina Lola ez zen horrekin konformatu, eta Bavariako politikan muturra sartu nahi izan zuen. Ez zioten utzi, noski. Ondorioz, herrialdetik bota zuten, eta Luis I.a erregeak bere seme Maximiliano II.ari  utzi  behar izan zion erregetza. Bavariatik Estatu Batuetara joan zen. Beste bitan ezkondu zen, eta gutxi iraun zioten bi senarrekin saiatu zen dirua irabazten, baina alferrik;  beraz, bere ikuskizunetik bizitzen jarraitu zuen. Izan ere, azkenean bere antzerki konpainia sortu zuen.

Halere, Lola ez zen bertan goxo egitekoa, eta maitale berri batekin Australiara joan zen. Baina hango gizarte kontserbadoreak ez zuen ondo hartu. Hori zela eta, New Yorkera itzuli behar izan zuen berriro ere. Hain bizitza gorabeheratsuaren ondoren, 39 urterekin hil zen pneumonia batek jota, 1861eko urtarrilaren 17an. Eta bitxikeria bat: Green-Woodeko hilerrian dagoen bere hilobian ez da Lola Montezen izena agertzen, "Mrs. Eliza Gilbert " baizik, bere benetako izena, alegia.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!