Ikustekoak

Mitxel Lakuntza: "ELAk ez zuen greba azaroaren 11n egin nahi, Euskal Herrirako deialdi propioa nahi zuen"

Euskalerria Irratia

Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan ELAko idazkari nagusiak Mitxel Lakuntzak adierazi du agenda propioa markatzeko proposamena egin ziela LAB eta etxebizitza sindikatuei eta azaroaren 5ean proposatu ziela etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra Euskal Herrirako. Lakuntzak esan du ELA eta LABen artean ados jartzerik ez zela posible izan.

Azaroaren 11rako deitu duzuen greba orokorraren ingurumarian dator elkarrizketa. Euskal Herrian ikusmina piztu da.

Gaur egun etxebizitzaren auziak duen garrantzia lehen lerrora mobilizazioak ekarri du eta hori garrantzitsua da esatea. Imanol Pradalesen gobernuari urteotan egin dizkiogun kritiken artean etxebizitzarena da nagusietako bat. Pausu txikiak eman dira eta horren ondorioak jasotzen ari dira orain.  

Zergatik honako honetan hautatu duzue sindikatu guztiekin egitea grebaren deialdia?

Egia da sindikatu guztiek bat eginen dugula data berean. Hori ez da ELAk proposatu diena. LAB sindikatuarekin eta etxebizitza sindikatuekin elkartu gara egunotan eta iniziatiba guk hartzea proposatu diegu zain egon gabe Madrilek erabakitzen zuenari. Euskal Herrirako data propioa jartzeko proposatu genien. Madrilgo marko eta elektoralismotik aldentzea. Interferentziarik gabe erakundeetan aldarriak eta proposamenak bideratzeko xedez. Etxebizitza politikak errotik aldatu behar ditugu, hemen Euskal Herrian. Ez dugu ahaztu behar eskumen gehienak hemen daudela. Euskal esparrua planteatzen dugunean eraginkorrena dela uste dugulako planteatzen dugu. Gu ez gara Espainiako sindikalismoaren azpisistema bat. Martxoaren 19an agerian geratu zen lanarteko gutxieneko soldataren aldeko greba egin genuenean. Beraz, azaroaren 11koa ez da ELAren diseinua. Esparru propioa defendatu nahi genuen gure proposamenarekin Espainiako girotik aldentzeko.

Beraz, ELAk bazterrean utzi du bere proposamena batasuna lortzeko?

Azaroaren 5a genuen buruan. Iniziatiba hartzeko aukera ematen zigula uste genuelako. Madrilen zain egon gabe. Gainerakoa ez da inolaz ere ELAren diseinu ez eredua ere.

Mari Carmen Abascalen kaleratzea eta heriotza, Sol plazako kanpaldia, Espainiako hauteskunde aurrerapena… zer egin daiteke mobilizazio hau Euskal Herrian kokatzeko, ardatza hemen izateko?

Hori da orain esku artean duguna. Ezin dugu data propioarekin egin, baina gure esku dagoen guztia eginen dugu Maria Chivite eta Imanol Pradalesen gobernura iristeko. Etxebizitza eskumenak aztertzen badira konturatuko gara Euskal Herrian daudela. Eztabaida Espainian kokatu da batez ere, etxegabetzeena eta alokairuena, baina guk dioguna da hemen egiten denaz hitz egin behar dugula, hemengo etxebizitza politikaz. Etxebizitzara %1 bideratzen da bakarrik Nafarroako aurrekontuetatik. Hau baldin bada Nafarroako biztanleek duten lehen arazoaren erantzuteko modua esanen genuke ez dela bidezkoa %1 baino ez bideratzea horretara. 2015etik ez dugu errotik aldaketarik ikusi etxebizitza politiketan. Abiapuntua espekulazioarekin amaitzea izan behar da. Alokairuen parkea aztertuz gero ikusten da %30 200 familia edo enpresen esku dagoela. Zergak zenbatekoak dituzte espekula ez dezaten? Hor ere jarri behar da ikusmira.

500 lagun daude kinka horretan Iruñerrian. Atzo iragarri zuen Nafarroako Gobernuak negoziatu eginen duela funts putreekin. Zer deritzozu?

Halako neurriak behar dira, baina aitortu beharra dago Nafarroako Gobernua berandu dabilela. 2020an salatu genuen orain gertatzen ari den egoera hau. Urte hartan aukera zuten beste baldintza batzuetan berreskuratzeko babes publikorako etxebizitza horiek eta Nafarroako Gobernuak uko egin zion horri. Neurriak hartu behar dira. Esaten digute neurri exageratuak planteatzen ditugula zenbaitetan, baina ikusten ari gara bestela porrota direla. Bankuetan eta promotoreetan utzi da etxebizitzaren auzia eta hor dago gakoa.

Hego Euskal Herrira zabalduz auzia, zein alde dago EAE eta Nafarroako etxebizitza politiken artean?

Funtsean berdinak da. Bi erkidegoetan oraindik ez dute egin lurralde tentsionatua izendatzea proposamenik lurralde osorako. Aztertzen badira aurrekontuak gutxi gora behera berdinak dira. Hori politika sistemikoaren ondorioa izan da: sustatzaile, eraikuntza enpresak eta bankuetxeen interesak jarri dira aurretik.

Foru gobernuaren aurrekontuak aztertzen dituzue xeheki, kritiko izan zarete Uxue Barkos eta Maria Chiviterenekin. Orain denek ohartarazten dute hauteskundeetan etor daitekeen eskuin muturraren goraldiaz. Non kokatzen da ELA kinka honetan?

Egunotan gauza garrantzitsua gertatzen ari da. Etxebizitzaren auzian ekimena hartzen ari denean eskuin muturra margen gabe geratzen ari da. Politika sozialekin, ausardiaz aritzen direnean eskuin muturra margenik gabe geratzen ari da. Espainiako Gobernuak zortzi urte izan ditu horrelako gauzak egiteko eta ez ditu egin: mozal legea, lan erreforma… ez da polarizatu nahi izan eta gizarteak zein langileek behar dituzten gauzak ez badituzu polarizatzen eskuin muturra gailentzen da. Europan horixe gertatu da. Aurre egiten ez badiezu, jendeak behar dituenak eskaintzen ez badituzu indarra hartzen dute.

Egoera politikoa nola irakurtzen duzue gaudenetan egonda. Mugarri izanen dira hauteskundeak?

Bistan da zein egoeratan gauden eta ezaugarri nagusia da autonomia politikoa. Hortik begiratzen diogu errealitateari. Aldendu nahi izan dugu Espainiako hauteskunde girotik uste dugulako greba honek etxebizitza politikak aldatzeko balio beharko lukeela. Horretan jarri behar da azpimarra.

Euskal gehiengo sindikalak egin du bat. Geroa Baik ere bat egitera deitu ditu zenbait alderdi aurrerakoi azaroaren 29ko hauteskundeei begira. Zer iruditzen zaizu?

Alderdien autonomian sartzea litzateke, ez naiz horretan sartuko.

Sindikalgintzan, Nafarroan CCOOri aurrea hartu diozue eta bigarren sindikatua zarete UGTrengandik 86 ordezkarira. ELAren goranzko joera LABena ere aspalditik dator.

Bai. Eredu sindikala gailentzen ari da, zorionez. Gogoan dut Maria Chivitek Comisiones Obrerasen kongresu batean esan zuela elkarrizketa sozialean sinesten ez duen sindikatuak ez zuela etorkizunik. Mahai berean patronala, gobernua eta sindikatuak daudela. Hor konponduko balira bezala langileen arazoak. Bada, justu kontrakoa gertatu da. Gure sindikatuak gora egin du nabarmen, Nafarroako Erriberan esaterako. Ordezkaritzaren %25 dauka. Ez du beste eragile abertzale eta ezkerrekorik horrenbesteko ordezkaritzarik. Guretzako horretan datza sindikalgintzak: herritarren ahalik eta gertuen egoten eta mobilizazioan eta borrokan zentratuz.

Negoziazioak euskaraz egin nahi dituzue beste sindikatu eta patronalarekin. Badirudi Nafarroako Enpresarien Elkartetik iritsi zaizuela erantzuna.

Bai. Urriaren 13an dugu hurrengo bilera. Euskarak normalizaziorako arazoak ditu eta lan mundua ere ez da libratzen. Zailtasun ugari aurkitzen ditugu enpresetan euskara planekin edo euskaraz aritzearekin. Aurrea hartu genuen eta behintzat negoziazioak euskaraz egin ahal izatea bermatzea eskatzen ari gara. Ez genuen espero patronalaren jarrera euskaraz egiteko aukera aintzat hartzearena. Nafarroako Gobernuari eskatuko diogu jar dezala horretarako itzultzaile zerbitzua.

Volkswagenez ariko bagara kontratazio berriez mintzatuko gara. Oso baldintza bereziak egiten ari dira. Salaketa egin duzue.

Berezia modu diplomatikoan esanda. Formula bat jarri dute martxan 1.000 lagun sartzeko enpresan kontraturik gabe. Egin dutena da formakuntza bat Nafarroako Gobernuak ordaintzen duena eta planteatzen dutena da enpresak egin beharko lukeena Nafarroako Gobernuak egitea. Sistema baten baitan sartzen da. Aldi Baterako Laneko Enpresa (ABLE-ETT) batetik deitzen dituzte langileak, Nafarroako Gobernuak denon artean ordaintzen ditu formazioak eta bukaeran UGT eta CCOOeko kideek deitzen diete eurenean afiliatu behar direla iradokitzen kontratua nahi badute. Hau da UGT eta CCOOren sisteman Volkswagenen. Eskandalu bat da gobernuak dirua bideratze horretara.

Deigarria egiten zait formazioa jasotzea kobratu gabe eta gero ziurtatua ez izatea kontratazioa. Lan erreala eginen dute formazioarekin batera. Hori legezkoa da? Eta bi sindikatuetatik jasotzen dituzte deiak?

Hori aztertzen ari gara. Guretzat eskandalu bat da. Botere publikoa enpresen mesedetara jartzen dela. Hau adibide bat da. Volkswagenek 1.000 lagunen formazioa nahi du doakoa eta gero gainera ez diet ordainduko eta ikusiko dut nork kontratatuko dudan. Eskandalu bat da.   

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!