Entzutekoak

Elena Uriz, bizitza asko bizi bakarrean

Euskalerria Irratia

Badaude pertsonak bizi bakarrean bizitza asko izateko gai direnak eta, zalantzarik gabe, horietako bat da Elena Uriz. Bakarne Atxukarrok ekarri du 'Gizalabak' atal berrira, berarekin solasean aritu ondoren

Badira pertsonak bizitza bat baino gehiago daramatzatenak barruan. Horixe da Elena Urizen kasua. 82 urte dituen aktore honek erakutsi digu bizitzak ez duela zertan gidoi itxi bat izan, eta ateak, batzuetan, ustekabean irekitzen direla.

Berarekin hitz egiteko aukera izan genuen. Gozamena.Elena txikitako etxe berean bizi da, Iruñean, anai-arrebekin. Irakasle izan zen, baita emaztea eta hiru semeren ama ere. 34 urte zituela seme zaharrena ikastolan hasi zen, eta bere buruari esan zion berak ere ikasi nahi zuela hizkuntza hori. Eta horretan hasi zen. Oso zaila izan zen. Egun batean ohartu zen oinarria zeukala baina ez giro euskaldunik. Orduan, lanean eszedentzia bat eskatu zuen, eta semearen ikastolara joan zen, aditzak ez ezik, bizitza euskaraz nola josten zen ikastera.

Garai hartan, anaia batek gonbidapena eskaini zion zinemara heltzeko aukera. Anaiak egiten zuen lan Montxo Armendarizen koinatarekin batera. Egun batean Montxo desesperaturik zebilela esan zion,  filmatzen ari zen Tasio pelikularako protagonistaren amarena egiteko emakume bat behar zuelako eta, nahiz eta hamaika casting egin, ez zuelako ezta inor ere aurkitzen. Anaiak etxera gonbidatu zuen, emakumea eta bi arreba baitzituen bertan. Hurrengo egunean, Elena etxera ailegatzean, senarrak anaiaren etxera joateko esan zion. “Zertara?”, galdetu zuen berak. Baina gizonak ez zekien. Beraz, hara joan zen, eta bi tipo aurkitu zituen, bata Montxo Armendariz eta bestea Elias Kerejeta. Proba bat egitea proposatu zioten, baina Elenak, ezetz. Bueno, bada, irakurtzeko gauzatxo bat. Horrela egin zuen, eta bi gizonek, elkarri begira baietz besterik ez zuten esaten. Joan ziren, azkenik, baina hurrengo egunean bueltatu ziren papera eskaintzera. Elenak berriro ezetz: lana, etxea, hiru semeak… Baina lortu zuten konbentzitzea, eta hori izan zen zineman egin zuen bere lehendabiziko papera.

Baina gero betiko martxan jarraitu zuen, zinema baztertuz. Jubilazioak, askorentzat amaiera denak, Elenarentzat bigarren loraldia ekarri zuen. Atarrabiako Abesbatzan hasi zen kantatzen. Han Fernando Eugi ezagutu zuen. El Bardo antzerki taldeko kidea zen, eta “Bodas de sangre” antzezlana  prestatzen ari zirela kontatu zion. Papera proposatu zion, eta, orain, bai, segituan onartu zuen proposamena.

Horri esker, Javier Chocarro ezagutu zuen. Berak casting agentzia bat zeukan, eta lan baterako estra bat behar zuen. Elenari proposatu, eta berriro baietz esan zuen. Handik oso gutxira, Carmen Machi egiten ari zen beste pelikula baterako “agur” esan behar zuen emakume baten premia zuen Chocarroren agentziak. Elenari eskaini, eta, hirugarren aldiz, baietz. Gero Antonio de la Torreren pelikula baterako esaldi txiki bat esan behar zuen beste emakume bat behar zuen Chocarrok. Eta Elenak, baietz.

Horrela, ia konturatu gabe, zinemaren ateak zabaltzen joan zitzaizkion. Baztan triologiaren El guardian invisible pelikula iritsi arte. Nahiz eta esaldi txiki bat izan, bere pertsonaia traman pisutsua zen. Gauza bera gertatu zitzaion gero Abracadabra eta Lo Nunca Visto pelikuletan. Horietan esaldi laburrak esan behar zituen, baina bere presentzia nabarmena zen.

2019 urtean Pablo Agüeroren Akelarre filmean parte hartzeko aukera izan zuen. Goya sarirako 8 izendapen izan zituen, eta horietako bost lortu zituen pelikulak. Paper hori zaila izan zen berarentzat, hika hitz egin behar baitzuen. Dena buruz ikasi behar zuen, nahiz eta aditzen erregistro hori ez menperatu. Pixkanaka, pixkanaka, Elenaren aurpegia eta izena ezagunak egiten joan ziren.

2021ean Paul Urkijoren zuzendaritzapean jarri zen Irati pelikula filmatzeko. Luxua izan zen, oso pertsonaia misteriotsuarena egin baitzuen. Baina lan zaila. Elenak Scarlett Johanssonen ondoan egin du lan Hollywoodeko produkzio batean (Asteroid City), baina berak argi du: nahiago du Paul Urkijoren grina eta tratu gizatiarra, Ameriketako hierarkia  hotza baino.

Iaz, berriro Paul Urkijorekin egin zuen lan Gaua Gauekoentzat filmean. Urkijoren pelikulak parekatzen dituenean, hauxe esaten du: “Paulek oso garbi dauka dena. Eszena guztiak marrazten ditu, eta dena pentsatua du. Gure mitologia ez dugula ezagutzen esaten du, eta horregatik egiten ari da egiten ari dena”.

ETBko telesail bat izan da bere azkeneko lana. Baina urte hauetan denetarikoa egin du: hamaika antzezlanak, iragarkiak, telebistarako edukiak, hainbat publizitate kanpaina, aipatutako pelikulak…

Oso memoria ona du, bestela ezin izango lituzke gidoi guztiak buruz ikasi. Baina berak esaten du ezetz, lana besterik ez dela. Zorte ona izan duela esaten du ere. Bere esanetan, "zimurrekin, euskararekin eta esperientziarekin ateak irekitzen dira". Baina guk badakigu hori baino askoz gehiago dela: lanerako gogoa da, goizean goiz gidoiak ikasteko diziplina, eta bizitzari "baietz" esateko ausardia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!